Errenteriako Udalak larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako diruz lagundu du Zaporeak elkartea

Errenteriako Udalak, larrialdietarako eta ekintza humanitarioko dirulaguntzen baitan, 5.000 € eman dizkio aurten Zaporeak Elkarteari.

Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, Greziako Lesbos uhartean kalteberatasun handiko egoeran dauden errefuxiatuei elikadura duina, kalitatezkoa eta elikagarria ematen die. Gainera, errefuxiatu-esparruetako egungo egoerari buruzko sentsibilizazio-lanak egiten ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan duen boluntariotza-sare zabalaren bidez.

Honako hauek dira elkarteak aurten ezarri dituen helburuak: Greziako Lesbos uharteko Kara Tepe errefuxiatu-eremu berrian egiten diren elikagai-banaketekin jarraitzea eta zabaltzea; tokian tokiko lanari eta sortutako aliantzen emaitzei etengabeko jarraipena egitea; eta, azkenik, Greziako migrazio-egoeraz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako herritarrak.

Aurten hirugarren urtea da dirulaguntza zuzen mota hau ematen zaiela.