Errenteriako Udalak, merkataritza eta ostalaritzako aholku batzordeko agenteekin lankidetzan, erakusleiho digital bat sortzeko lanak hasi ditu

Tokiko ekonomia dinamizatzeko eta bultzatzeko Bizi Errenteria programaren esparruan, ekintza desberdinak garatu dira azken urteotan.

Erakusleiho digital bat sortuz indartu nahi den helburuetako bat tokiko merkataritza osatzen duten negozioei ikusgarritasun handiagoa ematea da.

Lanen lehen fasean ostalaritza-establezimenduak sartuko dira, eta, ondoren, Errenteriako gainerako dendak eta zerbitzuak.

Horrekin, ikusgarritasuna emateaz gain, merkataritza-gune irekiaren kontzeptuan sakondu nahi da, herriko saltokiek, ostalaritzak eta zerbitzuek proposatzen duten eskaintza eskuragarriago eginez eta erosketen plangintza erraztuz.

Ostalaritza digitalizatzeko laguntza

Datozen asteetan, teknikari batek informazioa biltzen eta osatzen lagunduko die ekimen honetan parte hartu nahi duten ostalaritza-establezimenduei.

Plataforma digitalean sartuko diren datuen artean, ostalaritza-establezimendu bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzu motak, harremanetarako modua, kokapena edota produktuen karta argitaratzeko aukera nabarmentzen dira.