Urtarrilaren 10 eta 11n Errenteriako auzoen inguruko erreflexio tailerrak burutuko dira

Udalak bi urtean behin abian jartzen duen Koldo Mitxelena ikerketa bekari esker Alaberga, Galtzaraborda, Beraun eta Kaputxinos auzoak aztertzen ari dira Itsaso Larramendi, Maddi Texeiro eta Ane Abarrategi. Ikerketa ondorengo galderan ardazten da: nola garatzen dira eguneroko bizitza eta harreman komunitarioak Errenterian eraikitako auzoetan?

Horretarako, garai ezberdinetako hirigintzaren adierazgarri diren 4 auzo hartu dituzte aztergai: Alaberga (50. hamarkada), Galtzaraborda (60. hamarkada), Beraun (70. hamarkada) eta Kaputxinoak (80. hamarkada).

Ondorengo 2 tailerrak antolatu dituzte urtarrilean, Auzo Elkarteekin batera, auzotarren argazkien bitartez egunerokotasuneko espazioak aztertzeko helburuz:

Urtarrilak 10: Galtzaraborda eta Beraun

Urtarrilak 10ean, arratsaldeko 18:30ean, lehen tailerra gauzatuko da Beraungo Auzo Elkartearen lokalean (Aita Donostia kalea, 4) Galtzarabordan edo Beraunen bizi edo bertan ibiltzen direnei zuzenduta. Egun horretan proiektua zein argazkien ariketa azalduko dituzte, eta urtarrilaren 24ean berriro bilduko dira eramandako argazkiak aztertzeko.

Urtarrilak 11: Alaberga eta Kaputxinoak

Urtarrilak 11n, arratsaldeko 18:30ean, bigarren tailerra egingo da Kaputxinoetako Auzo Elkartearen lokalean (Galtzaraborda etorbidea 99) Alaberga edo Kaputxinoetan bizi edo bertan ibiltzen direnei bideratuta. Egun horretan proiektua zein argazkien ariketa azalduko dituzte, eta urtarrilaren 18an berriro bilduko dira eramandako argazkiak aztertzeko.