Errege Kabalgata herriko kaleetan barrena ibiliko da ostegunean eta trafikoan aldaketak eragingo ditu

Ostegunean, bi urtez Errenteriako kaleetan barrena ibili gabe egon ondoren, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek kabalgataz gozatzera datozen haurrak agurtuko dituzte 18:00etatik aurrera. Berritasunez eta ilusioz beterik datorren kabalgata honek trafikoan zenbait aldaketa eragingo ditu.

Ilusioa bizirik mantentzeko apustu horretan, Errenteriako Udalarekin batera, Elipsis, Jai Toki, Egiluze ikastetxearen IGEA eta Telleriko APYMA bezalako erakundeek hartuko dute parte.

Aurtengo berritasunak

Errenteriako Udalak kultur egitarau zabala antolatu du Kultur Maluta lelopean eta aurtengo Errege Kabalgata pograma horren parte da.

Honako honetan, erregeek ohikoa ez den ibilbide berri bat egingo dute. Tulle kaletik (Pontika), María de Lezo eta Biteri kaleetatik pasa ondoren, Alabergara iritsiko dira, Nafarroa etorbidea eta Zumardiara joateko. Udaletxera 19:15 inguruan iritsiko dira.

Kabalgatari hasiera emango dioten Babes Zibileko boluntarioz eta Udaltzaingoko langileez gain, Errenteriako Udal Bandak, Herri Arte Eskolak eta Gurutze Gorria bezalako elkarteek ere hartuko dute parte ibilbidean; azken hauek Erregeen Postariek gutunak jasotzeko erabiliko dituzten trizikloak eramango dituzte. Amaitzeko, DYAko boluntarioek eta aurten lehen aldiz arituko diren Titanes Elkarteak itxiko dute desfilea.

19:30etik aurrera, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Jose Luis Caso aretoan (Merkatuzar) agurtzera etorri nahi duten familia guztien zain egongo dira.

Gainera, aurten bi erakunde omenduko dira eta Txu-Txu trenean joateko aukera edukiko dute. Alde batetik, Touring Kirol Elkartea, bere mendeurrrena ospatzen baitu; eta bestetik, Juneren Hegoak Elkartea, 10 urteko ibilbidea egin baitu gaixotasunen bat duten haur eta haien familiei laguntza ematen.

Azkenik, Gazteria Zinegotziak eskerrak eman nahi dizkie urtero Errege Kabalgata gauzatzea ahalbidetzen duten eragile eta partaide guztiei. Era berean, herritar guztiak animatzen ditu kabalgata handi honetaz arduraz goza dezaten.

Trafiko aldaketak

Osteguneko errege kabalgata dela eta, udaltzaingoak erdiguneko trafikoa moztuko du 17:00etatik 19:30era.