Euskararen erabileraren neurketa Errenteriako kaleetan

Errenterian hirugarren aldiz egin da euskararen kale erabileraren neurketa. Ikerketa hau oso erabilgarria da datu enpirikoak lortzeko eta euskararen biziberritzearen hausnarketarako, politikak erabakitzeko eta plangintzak diseinatzeko orduan.

Bost urtean behin, herriko hainbat gune esanguratsutan neurtzaileak jartzen dira eta hortik pasatzen diren pertsona guztiak zein hizkuntzatan ari diren jasotzen dute. Hizlaria konturatu gabe, hainbat datu jasotzen dira: hizkuntza, solaskideen adina, sexua, baita haurrek parte hartzen duten ere.

2021. urtean burutu zen azken neurketa Errenterian Soziolinguistika klusterraren eskutik eta datuak sendoak dira. 5.024 elkarrizketa jaso eta 13.243 solaskide aztertu dira. Beraz, emandako emaitzek fidagarritasun handia dute.

Datuak interpretatzerako garaian, ez da mugatu behar euskararen erabilera igo edo jaitsi egin den begiratzera soilik, gauza asko dira kontuan hartu beharrekoak baizik: une bakoitzeko egoera, kaleko errealitatearen aldaketak…

Hori horrela, adierazi beharra dago 2021eko kale neurketaren arabera, euskararen erabilera Errenterian % 10,9koa dela. Gaztelania % 86,4, frantsesa % 0,1 eta gainerako hizkuntzak % 2,7.

Datu horien arabera, euskararen erabilera, 2011ko datu beretsuetan mantentzen dela ikus daiteke, 2016ko neurketak gorakada bat eman zuen arren.

Euskararen ezagutzak, urte guzti hauetan gorantz egin du, Errenteriarren % 42k ezagutzen du, gehiago edo gutxiago euskara. Baina kontuan izan beharra dago herritar gehienentzat bigarren hizkuntza dela euskara.

Neurketa honek beste datu esanguratsu batzuk eman ditu ere; esate baterako, haurrak dira euskara gehien erabiltzen duten herritarrak (% 21,4), eta horien ondoren heldu gazteak (% 14,2).

Bestetik, haurren presentziak izugarri baldintzatzen du euskararen erabilera. Hau da, hizkuntza honen erabilera altuena haurrak eta nagusiak nahastuta daudenean ematen da (% 24,7).

Sexuari dagokionez, berriz, emakumezkoek apur bat gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoen aldean.

Euskal Herriko erabileraren bataz bestekoa Errenteriakoaren parekoa da (% 12,6). Aldiz, Gipuzkoako (% 30) eta Donostialdeako (% 19 ) datuekiko aldea nabarmena da.

Euskararen ezagutzaren ehunekoek definituriko lau gune soziolinguistiko bereizten dira. Honi dagokionez, Errenteria bigarren gunean sartzen da euskararen ezagutza % 42koa delako; eta gune honen bataz besteko kale erabilera % 6koa da.

Kale neurketak hainbat datu eman ditu eta horiek hizkuntza politika bideratzeko tresna izan behar dute aurrerantzean.

Txosten osoa hemen:

ERRENTERIA 2021 Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa

Laburpen grafikoa:

!function(e,i,n,s){var t=”InfogramEmbeds”,d=e.getElementsByTagName(“script”)[0];if(window[t]&&window[t].initialized)window[t].process&&window[t].process();else if(!e.getElementById(n)){var o=e.createElement(“script”);o.async=1,o.id=n,o.src=”https://e.infogram.com/js/dist/embed-loader-min.js”,d.parentNode.insertBefore(o,d)}}(document,0,”infogram-async”);