Urtarrileko eta martxoko arte eszenikoen programazioa

Urtarrilean eta martxoa bitartean arte eszeniko eta musika programazio zabala eskainiko dute Lekuona Fabrikak eta Niessen Kulturguneak adin zein gustu guztietara bideratuta. Kalitate handiko lanak ikusteko eta punta-puntako dantzari, antzezle zein musikariz gozatzeko aukera egongo dela azaldu dute gaur Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak prentsa aurrean. Duela egun batzuk, hilaren 7an, ‘Latas’ izenburuko D’click konpainiaren zirku emanaldiak eman zion hasiera ekitaldiz beteriko urte honi.

Urtarrileko bigarren ikuskizuna 13an iritsiko da Maduixa Teatre-ren eskutik. ‘Lù’ izeneko antzezlanak, Feten antzerki jaialdi ezagunean Ikuskizun Onenaren saria jaso zuen. Sormenak eta irudimenak krudelkeriatik eta bizitzaren gordintasunetik ihes egiteko duten ahalmenari buruzko erreflexio txiki bat gauzatzea du helburu. Emanaldiak bi pase izango ditu, 17:30ean eta 19:00etan, publikoak oholtza gainetik jarraituko baitu ikuskizuna, Niessen Kulturgunean.

Egonaldi amaierako emanaldia eskainiko dute Doos teatroak eta Marie de Jonghek urtarrilaren 19an, 18:00etan. Bi taldeek Lekuona Fabrikan publiko familiarrarentzako ‘Esna’ ikuskizunaren sorkuntza lanean bi astez aritu ondoren horren emaitza aurkeztuko dute publikoaren aurrean. Lan honek balioan jartzen du pertsonek beren gorputzekin edo irudimenarekin esperimentatzeko eta munduarekin erlazionatzeko duten gaitasuna.

Antzerki ikuskizunekin jarraituz, hilaren 29an, Atx Teatroaren ‘Lubaki lainotsua’ antzezlana ikusteko parada izango dute Niessen Kulturgunera bertaratzen diren guztiek. Izen gabeko gerraren lubaki batean, bakar-bakarrik geratu den soldadu beterano bat aitzakia hartuta belaunaldien arteko talkaz, zahar eta berrien arteko komunikazioaz edo norberaren bizitza balioan jartzeaz arituko dira pertsonaiak oholtza gainean 19:00etatik aurrera.

Otsaila indarrez eta bizitasunez beterik dator; izan ere, La Sra. Tomasa taldeak ‘Alegre pero peligroso’ diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko du hilaren 11n bere ezaugarri duen alaitasuna entzuleei kutsatuz. Emanaldia 20:00etan hasiko da Lekuona Fabrikan.

Egun bat geroago, hilaren 12an, Teatro Corsarioko antzezleek ‘Celestina infernal’ lana eskainiko dute Niessen Kulturgunean, 19:00etan. Helduentzako txotxongilo ikuskizun honek erotismo harrigarria darien amodio grinatsuz, indarkeriaz, heriotzaz eta umore beltzenaz beteta dator.

Otsailari amaiera ezin hobea emateko, La Coja Dansa konpainia izango da Niessen Kulturgunean hilaren 24ean adin guztientzat zuzendutako ‘El Cuento de Persépolis’ proposamenarekin, arratsaldeko 18:00etan. Istorio hau planeta ezberdinetako hiru neskek Persepolisen liburua aurkitzen dutenean hasten da; horrek, emakumeek historian zehar izan duten egoerari buruzko galderak nahiz erreflexioak sorraraziko dizkie. Komikia, dantza, bideo-mappinga eta zinema taularatzen dituen aparteko ikuskizuna osatu du konpainia Valentziarrak.

Axut! eta Artedrama antzerki konpainien elkarlanetik sortutako ‘Hondamendia’ lanarekin hasiko da martxoa. Obra hau historia hurbileko azken bi urteei buruzko antzerki-metafora da, 2020tik 2022ra bitartekoa, Zaldibarko zabortegiaren erorketa eta Covid-aren etorrera protagonista dituena. Emanaldia hilaren 5ean izango da, arratsaldeko 19:00etan, Niessen Kulturgunean.

Antzerkia izango da hilabete honetako protagonista eta hala, ‘Arrainak bihotzean’ antzezlana aurkeztuko du Mar-mar teatro taldeak hilaren 24ean, Niessen Kulturgunean, 18:00etan. Familia osoarentzat zuzendutako istorio honen protagonista Martina da. Gaztetxoak bidaia bat hasiko du itsas ondoan bere aita aurkitzeko asmoz, horretarako arrainen eta beldurraren hizkuntza ikasi behar badu ere.

Lekuona Fabrika dantzan jarriko dituen En Tol Sarmiento eta Buhos taldeen kontzertua martxoaren 25ean izango da. Kontzertu hau ETS taldeak ‘Guretzat’ diska berria aurkezteko abian jarri duen biraren parte izango da, Buhos taldea hasierako gonbidatu duelarik.

Amaitzeko, A Panadaría talde galiziarrak, Centro Dramático Nacionalarekin elkarlanean, ‘Las que limpian’ antzezlana eskainiko du martxoaren 26ean, Niessen Kulturgunean, 19:00etan. Komedia garratz eta itxaropentsu honek hoteletako garbitzaileen borroka antolatua aldarrikatzen du, kontraesanen ispiluaren aurrean publikoa eramanez.

Hiru-hileko honetako ikuskizunen sarrerak ostegunean, hilak 12, 12:00etan egongo dira eskuragarri sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan (ikuskizun guztien aforoaren %10 salmenta presentzialerako gordeko dira). Gainera, ikuskizunaren egun eta aretoan bertan, ordubete lehenago leihatila irekiko dute sarrerak eskuratzeko, beti ere lehenago agortu ez badira. Salbuespen gisa ETS-ko kontzertuan aldiko 5 sarrera erosi ahal izango dira gehienez.

Helduentzako ikuskizunen sarrera 9 euroan eros daitezke eta familiei zuzendutako ikuskizunenak 3,5 euroan. Musika kontzertuen prezioa, berriz, 10 eurokoa izango da. Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua izango dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean topa dezakete interesdunek.