Errenteriako alkateak eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak GI-20an, Pontika eta Beraun parean, pantaila akustikoak jartzeko lanak bisitatu dituzte

GI-20 errepidean, Beraun auzoaren parean, zarataren aurkako pantailak jartzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Zapatak eta egituraren euskarriak instalatzen ari dira, eta aurreikusita dago jarduketa guztia aurtengo udaberrirako amaituta egotea. Zehazki, datorren maiatzerako, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak aurreratu duenez gaur goizean Aizpea Otaegi Errenteriako alkatearekin egin duen bisitan, jarduera horren nondik norakoak gertutik jarraitzeko. Esku-hartze hori “bereziki garrantzitsutzat” jotzen du, “eragin bereziko eremua baita, 4.000 pertsona inguru bizi baitira bertan, eta, esku-hartzea amaitutakoan, nabarmen hobetuko zaie bizi-kalitatea”.

Errenteriako Udala pozik agertu da, Oiarbide diputatuaren esanetan Beraungo GI-20ko pantaila akustikoak maiatzerako jarrita egongo direlako. Pantailak jartzeak ibilgailuen zirkulazioak eragindako zarata-kutsadura gutxituko du eta modu esanguratsuan hobetuko du inguruan bizi diren bizilagunen bizi-kalitatea.

2022ko urrian hasi eta 2023ko maiatzean amaitzea aurreikusten diren lan horiek Gipuzkoako Foru Aldundia garatzen ari den Zarataren aurkako 2025 urte bitarteko ekintza planaren barruan kokatzen dira. Plan horren baitan, Errenterian bi esku-hartze daude aurrekusita. Lehenengo esku-hartzea, Beraun eta Pontika auzoen parean, GI-20 errepidean, pantaila akustikoak jartzeko egiten ari diren lanekin lotuta dago. Lan horiek 1,9 milioi euroko aurrekontua dute, eta, aurreikuspenen arabera, 2.985 bizilagunei eragingo die zarataren gutxitzeak.

Udalerriarekin lotuta dagoen bigarren jarduketa 2023an egitea dago aurreikusita Errenteria eta Oiartzun artean, AP-8 eta GI-20 errepideen arteko bidegurutzean, Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoak babesteko. Gune honetan 2.276 bizilagunek pairatzen dute onargarriak direnak baino zarata maila altuagoak. Kasu honetan, aurrekontua 425.000 eurokoa da.

Alkatea pozik agertu da 2021eko apirilean, bi erakundeetako ordezkarien artean egindako bileran Aldundiak hartutako konpromisoak aurrera doazelako. Izan ere, bi eremu horietan zarata gutxitzeko pantaila akustikoak jartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepideetan Zaratari Aurre Egiteko Ekintza Planean jasota egon arren, 2021ean egindako bileraren aurretik ez zegoen esku-hartzeen epeen inguruko zehaztapenik.

Kilometro bat baino gehiagoko zatia

Pantaila akustikoak jartzeko lanak joan den urriaren 5ean hasi ziren, 1,2 kilometroko luzeran, Arramendiko biaduktutik 2. irteeraraino, Pasaiako porturantz eta Errenteriarantz. Zehazki, metalezko egitura bat da, eta, ezaugarri nabarmen gisa, diseinu fonoxurgatzaile bat du, GI-20 errepidera ematen duen kanpoko gainazalean txapa zulatu batez osatua. Txapa horrek soinua xurgatzen du barruko harkaitzezko artilezko geruza bateraino, eta, bertan, material horri esker, trafikoak sortutako zarata geldiarazten da. Ekintza-planean oinarritzen diren neurketen arabera, inguruko bizilagunek 55dB-tik gorako zarata-maila dute gaueko ordutegian. Ekintza-planaren oinarrian dauden neurketen arabera, inguruko bizilagunek 55dB-tik gorako zarata-maila dute gaueko ordutegian.

Ezaugarriak eta afekzioak zirkulazioan

Egiturak 2 metroko altuera du biaduktuaren zatian, eta 4 metrora iristen da Beraun auzoko hiri-aurreari zuzenean eragiten dion 840 metroko zatian, errepidearen ertzean. Biaduktuaren lehen baoaren azpian, Arramendi kaleko bidea, espaloia eta oinezkoentzako bidea babesteko arkupe bat ere eraikiko da. Behin instalazioa amaituta, paisaia-esku-hartze bat gehituko zaio, egitura ingurunean integratzeko helburuarekin.

Azkenik, lanak hasi zirenetik bezala, eta instalazioaren hurrengo etapak behar bezala garatzeko, bidearen eskuineko erreia itxita egongo da aurtengo maiatzean lanak amaitu arte. Horrela, segurtasun-hesi zurrun bat jarriko da eraginpeko tarte osoan, langileen eta gidarien segurtasuna bermatzeko.