Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea eraikinaren irekiera ekitaldia izango da ostiralean

Xenpelar bertso eskolako, SOS arrazakeriako, Lau Haizetara Euskaldunon Topaguneko, Badalabeko eta Errenteriako Udaleko ordezkariak

Ostiralean, urtarrilaren 13an, arratsaldeko 18:00etan, azken urteotan liburutegia izan den eta Madalen kaleko 27 zenbakian dagoen eraikinari Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea izena emango diote.

Eraikinak herriko hizkuntzen eta pertsona anitzen topagune izaera hartu nahi du, herriaren bizikidetza lingustikoari ekarpena eginaz eta euskararen normalizazio politikoan eragin asmoz.

Joxepa Antoni bertsolaria izan zen, euskararen eragile eta euskalgintzan erreferente. Zentzu horretan, bat egiten du eraikinaren izaerarekin.

Liburutegi izan zen eraikina hizkuntzen inguruan hausnarketa egiteko gune bihurtuko da, eta bertan hainbat erakundek izango dute habia: Badalab hizkuntza gutxituak biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko esperimentazio guneak, SOS Arrazakeria giza eskubideen defentsarako elkarteak, Xenpelar Bertso Eskolak eta Lau Haizetara Euskaldunon Topaguneak.

Herritar oro gonbidatuta dago ekitaldira.