Ekintza eskaintza anitza antolatu du Cristobal Gamon ikastetxeak 50. urteurrena ospatzeko

Cristobal Gamon ikastetxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu urtean zehar 50. urteurrena ospatzeko, ‘Zurekin batera goaz!’ lelopean:

– Urtarrilaren 18an inaugurazio ekitaldia egingo dute ikastetxean. Egun horretan txupinazoa bota eta 50. urteurrenaren plaka jarriko dute. Gainera, ikasleen aldetik danborrada, bertsoak eta dantzarien agurra egongo dira.

– Otsailean Kaldereroak eta Inauteriak ospatuko dituzte, urtero bezala.

– Martxoaren 25ean San Markora irteera egingo dute Guraso Elkartearekin batera, eta, eskolara bueltatzean, merienda eta musika izango dute.

– Martxoaren 31ean Eriz Magoa joango da da Mandoegira.

– Apirilaren 21ean ipuin musikatua izango da Oihan Vegarekin, HH eta LH 1. zikloko ikasleentzat.

– Maiatzaren 13an bazkaria egingo dute ikastetxeko komunitate osoarentzat, eta eguna bukatzeko Oihan Vegarekin dantzaldia izango dute.

– Ekainaren 10ean eskolako jaia ospatuko dute.

Cristobal Gamon ikastetxeko arduradunek adierazi dute, aipatutakoez gain, ideia gehiago dituztela buruan, eta urtean zehar informazioa ematen jarraituko dutela. Era berean, ikasleen, familien eta ikastetxeko egungo eta lehengo langileen ideiak zein proposamenak jaso nahi dituzte, 50. urteurrena eskola-komunitate osoaren artean egin nahi baitute.