Kilometroak Txikiak jaiak emango dio hasiera aurtengo Kilometroak-i

  • Kilometroak-ek urte osoan zehar antolatuko dituen ekitaldien abiapuntu izango da eta errioa izango du ardatz
  • Herritar guztiei zuzendua, haurrentzako gune bat eta gazteentzako beste bat izango dira, jolas eta jokoekin
  • Urtarrilaren 28ko arratsaldean egingo da, eta jolas guneetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea

Errenteria egingo da aurtengo Kilometroak, eta, ohiko ezaugarriak aldatuta, egun bakarreko jaia izateari utzi dio, eta urriko hitzordu nagusiaz gain, urte osoan zehar ospatuko da hainbat ekimen eta ekitaldi antolatuta. Hala, herritarrei begirako ekitaldia izango den Kilometroak Txikia jaia eginda, aurtengo bide oparoari hasiera emango dio 2023ko Kilometroak-ek. Urtarrilaren 28an egingo da, larunbat arratsaldez, eta Erriola aurtengo jaiaren leloari jarraikiz, Oiartzun errioa izango du ardatz eta jokaleku. Orereta Ikastolako komunitatea ez ezik, herritar guztiak batuko ditu KMK Txikiak jaiak, urtean zehar Kilometroak-ek eskainiko duenaren atari.

Jaia bi tartetan bereiziko da, betiere Oiartzun ibaia ardatz hartuta. Hasieran, 16:30etik 18:30era, adinaren arabera antolatutako bi gune izango dira.

Gabierrotako Evaristo Bozas parkea umeentzako gunea izango da, HH eta LH4 bitartekoei eskainia. Jolasak eta tailerrak izango dituzte, baita txokolatada ere.

Euria eginez gero edo eguraldia lagun ez bada, Gaztañoko jolastoki estalira lekualdatuko da gunea.

Bigarren gunea Gernika plazan egongo da, eta gaztetxoei eskainiko zaie, LH5 eta DBH bitarteko ikasleei. Bertan parte hartzen dutenek ginkana izango dute, baita merienda ere. Eguraldiak ahalbidetzen ez badu, Koldo Mitxelena ikastetxeko estalpean jarriko dute Gaztetxoen gunea.

Haurren zein gaztetxoen guneetako ekintzetan parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa da, eta honako helbide honetan egin daiteke: kilometroak.eus/agenda. Izena emateko epea urtarrilaren 26an amaituko da, 20:00etan.

Guneetako jolas eta jokoen ostean, 18:30ean bi guneetan ibilitakoek erriora joko dute musikaz lagunduta, eta 19:00etan, Panierreko eta Lekuonako zubien arteko ibaiertzak betez, errioa argiztatuko dute.

Azkenik, errioa argiztatu ostean, Linon emango zaio amaiera jaiari, 19:30etik 20:30era bitartean egingo den festatxoarekin. Jan-edanak izango dira bertaratzen direnentzat, Orereta Ikastolako ikasleek ipinitako musika lagun dela.

Zeliakoentzako eta begetarianoentzako moduko jakiak eskainiko dira. Jaia ixteko, zezen suzkoa ibiliko da Linoko plazan, haur eta helduen gozagarri.

Herritar guztiak daude gonbidatuak jaira, bai arratsalde hasieran antolatuko diren jolas eta jokoetara, baita errioa argiztatuko duen ekitaldi berezira ere, Linon egingo den festa ahaztu gabe. Hori bai, arestian aipatu den moduan, Gabierrotako haurren guneko eta Gernika plazako gaztetxoen guneko jolas eta jokoetan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da izena ematea kilometroak.eus/agenda webgunean.