Goi-mailako joskintzako jantziak estreinakoz Jantziaren Zentroan

Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkor berriak XX. mendera garamatza. Hain zuzen ere, 1930-1970 urte arteko emakumezko 40 jantzi ikus daitezke bi solairuetan banatuta. Guztiak goi joskintzako diseinatzaile espainiar ospetsuek sortuak dira, besteak beste: Asunción Bastida, Vargas Ochagavia, Pedro Rodriguez… 27 diseinatzaile, guztiak Cristobal Balenciagaren itzalean aritu ziren lanean, estatu espainiarrean, 50. hamarkadan, goi joskintzaren urrezko garaian.

‘Modaren Urrezko garaia – Goi mailako joskintzatik prêt-á-porter-era (1930-1970)’ izeneko erakusketa Pedro Usabiaga moda argazkilari donostiar ezagunaren proposamena da, berak antolatu du erakusketa bere bilduma pribatuko jantzi eta objektuekin osatuz.

Jantziaren Zentroan, Pedro Usabiagaren bilduma osatzen duten 250 jantzietatik 40 ikusteko aukera dago maiatzaren 28ra bitarte. Jantzi guztiak lehendabizikoz ikusgai jarri dira jendaurrean, erakusketa bera Kapitain-etxerako propio osatu baita.

‘L´atelier’ erakusketa

Gainera, Kapitain-etxearen sarreran, ‘L´atelier’ izeneko erakusketa ere zabaldu berri dute, 50. hamarkadako jostun tailer bat. Sartu ahala, denboran atzera egingo du ikusleak, eta tailerrean lanean ari diren bi emakumezko eta bezeroa ikusiko ditu. Emakume bat josteko makina atzean lanean, bestea bezeroari neurriak hartzen ari den bitartean. Eszena 50. hamarkadako objektu originalek osatzen dute; jostunaren patroiak, manikiak, zein lanerako erabiltzen zituzten tresnak.

Aretoaren beste aldean, hamar argazki zuri beltzean, guztietan joskintzan lanean ari diren emakumeak dira protagonista.

Erakusketaren helburua da gerra ostean,joskintzan aritu ziren milaka emakumeei omenaldia egitea. Jostun, modista, patroigile zein ebakitzaile, itzalean lanean aritu ziren milaka emakume horiei gorazarre egitea. Orratz eta titare artean orduak eta orduak eman zituzten, eta egindako lan horri esker, askok, gerra osteko garai latzetan, familia aurrera ateratzea lortu zuten.

‘L´atelier’ erakusketa apirilaren 10a arte doan ikus daiteke Kapitain-etxearen sarreran.

Hilabeteko lehen igandeetan, doan

Jantziaren Zentroak prezio berriak ditu aurten. Erakusketa iraunkorrerako bisita libreak 3 euro balio ditu pertsonako, eta hilabeteko lehen igandeetan doan ikusteko aukera dago.

Bisita gidatuei dagokienez, aurrez erreserbatu behar da, zazpi euro balio du pertsonako eta sei euro jubilatuen kasuan.

Ordutegia honako hau da: larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande zein jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara.