Ereintza Kultur Elkarteko taldeak Santa Ageda koplak kantatuko ditu herriko kaleetan larunbatean

Santa Ageda bezpera den larunbata honetan, Ereintzak ohiko kopla emanaldia eskainiko du herriko hainbat taberna eta plazatan.

Hona kantagai izango dituzten gaiak, tokiak eta aurreikusitako ordutegia:

Bertaratuko diren kideak arratsaldeko 18:00etan Ereintzan bildu ondoren, jarraian, Touring Kirol Elkarteari eskainiko diote lehen saioa 18:35ean, Xabier Olaskoaga Plazan, mendeurrena ospatzen baitute.

Ondoren, Foru Plazan, arratsaldeko 18.50ean, Bertso Eskolako taldearekin batera, Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria gogoan hartuz eginiko koplak eskainiko dituzte.

Jarrraian, 19:05etan ohiko saioa Leku Zaharra tabernan.

Ondoren, 19:25ean, Mikelazulon, Jon Bagüés herritarra eta Musikaste omenduz arituko dira.

Aurreikusitako ibilerari jarraiki, 19:40an, Donosti Sagardotegian: aurten 50. urteurrena egiten duela eta, Garrintzik, herriko abestaldeak, jasoko du guztien esker ona.

Jarraian, 20:00etan, Gamon Jatetxean, gune honetan kantatzen duten lehen aldia izango da aurtengoa.

Ekitaldiaren azken saiora hurbilduz, 20:25ean, Paki Belardendaren aurrean, Santa Ageda abestalde honetan inoiz kide izan eta, azken denboraldian joan direnak izango dira berariaz gogoan.

Ilunarreko 20:40ean, azken aurreko saioa egingo dute Irrintzi tabernan.

Azkenik, 21:00etan, Kilometroak 2023 Errenterian ospatzen ari dela gogoan hartuz, Bertso Eskolako taldearekin bat eginez, amaiera emango diote aurtengo ekitaldiari Udaletxeko arkupetan.

Xabier Vesga izango da aurten ere taldearen zuzendaria, Doike musika taldea eta Ereintzako txistulariak laguntzaile izango dituelarik.

Azpimarratzekoa da ere koplari gisa Jon Martin bertsolari oiartzuarra arituko dela lehen aldiz.

Aurtengo berariazko bertsoak Julian Albisturrek, Sabin Irastorzak eta Mikel Ugaldek prestatu dituzte.

Taldea guztiz irekia da eta nahi duen guztiak parte har dezake, beti ere, baserritar jantzia soinean duelarik.