Udalak Esnabiden lursail bat Eusko Jaurlaritzari lagatzea onartu du, babes sozialeko 27 etxebizitza eraikitzeko

Argazkian: Eneko del Amo, Hirigintza zinegotzia, eta Aizpea Otaegi, alkatea, lagatutako lursaila atzean dutela.

Urtarrilaren 31n, 32. sektoreko lursail bat hitzarmen baten bitartez Eusko Jaurlaritzari lagatzeko proposamena pasa zen Udalbatzatik.

Puntu hori aho batez onartu zen, eta, horri esker, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin akordio bat itxi daiteke. Akordio horren bidez, Jaurlaritzak 4 urteko epean 27 etxebizitza sozial alokairuan egiteko konpromisoa hartzen du.

Era berean, onartutako hitzarmenaren baitan, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du Errenteria lehentasunezko udalerritzat jotzeko babes sozialeko etxebizitzen sustapenean, eta bertako herritarrak izango ditu lehentasunezko hartzaile.

Hobekuntzak Esnabideren eta haren ingurunearen antolamenduan

Gogoratu behar da Esnabideko sektore honetan egindako obrek hobetu egin dutela 2006an onartutako hasierako planteamendua, berdeguneak eta kirol-espazioak handitzeko eta aparkalekuetarako 88 plaza berri sortzeko, besteak beste.

Hobekuntza horiek, gainera, herriko hainbat eragilerekin adostuz joan dira, betiere indarrean dagoen urbanizazio-proiektuaren esparruan.