Jolanta Strikaite opera abeslari, ahots teknikako irakasle eta bikoizketa aktore ospetsuak tailer bat eskainiko die Landarbaso Abesbatzako kideei asteburu honetan

Argazkian, Iñaki Tolaretxipi, Landarbaso Abesbatzaren zuzendaria; Iñaki Queralt, Herri Arte Eskolako lehendakaria, eta Maialen Dorronsoro, Landarbasoko talde formatiboen zuzendaria.

Jolanta Strikaite Letoniako opera abeslari, ahots teknikako irakasle eta bikoizketa aktore famatuak ahots teknikako tailerra eskainiko die Landarbaso Abesbatzako kideei bihartik igandera bitartean Errenterian.

Maddalen Dorronsorok, Landarbasoren talde formatiboen zuzendariak, eta Iñaki Tolaretxipik, abesbatzeko zuzendariak, azaldu dutenez, asteburu honetan asko ikasiko dute, zalantzarik gabe, Strikaiterekin talde txikietan, bakarka eta talde handian lan egingo baitute modu intentsiboan, ikasturte honetan abesbatzak dauzkan erronka garrantzitsuen prestaketan jarraitzeko.

Landarbaso Abesbatzak urteak daramatza munduko zuzendari eta irakasle handiekin tailer propioak egiten. 2013an Maris Sirmais letoniarra etorri zen, 2014an Landarbasok Janis Liepinsekin lan egin ahal izan zuen Rigan eta 2018an Alexander Vatsec Ukraniarrarekin, Errenterian. 2008tik 2011ra Austriatik Dina Grossberger kantu irakasle gisa etorri zen eta 2011an Helen Larsson Suediarrak ahots teknika landu zuen Landarbasoko egoitzan. Era berean, Errenteriako abesbatzak bertako irakasle paregabeak izan ditu, hala nola Jasone Alba, entsegu-estetikaren eta gorputz-adierazpenaren esparruan, eta Jorge Pachecok erritmoa eta bodyperkusioa landu zituen. Iaz, Janis Liepinsen bisita jaso zuten Errenterian.

Jolanta Strikaiteri buruz

Strikaite Rigako Katedraleko eskolan ikasketak egiten hasi eta goi-mailakoak amaitu ondoren, Litunanian zein Holandan irakasle handiekin eskolak jasotakoa da. Gaur egun herrialde osoan bakarlari moduan errezitalak ematen aritzen da, Rigako Opera eta Ballet Antzoki nazionaleko produkzioetan ohiko artista da eta opera nagusienetan paper garrantzitsuak izaten ditue. Aurkezle lanetan ere aritzen da Letoniako telebistan eta, besteak beste, pelikuletako soinu banden abeslari eta bikoizketa lanetan ere aritzen da.

2016az geroztik Letoniako abesbatza garrantzitsuenetakoa den “Kamer…” abesbatzaren ahots teknikako irakaslea da eta bere lanaren eskutik irabazi zituen abesbatza hark 2018ko Tolosako 50. Urteurreneko Sari Nagusia eta urtebete ondoren Italiako Arezzon Europako Abesbatzen Grand Prix edo Sari Nagusia.