Barandiaran parkearen exekuzio-proiektua idazten aurrera egin du Errenteriako Udalak

Urtarrilean hasi dira Barandiaran parkearen exekuzio-proiektua egiteko lanak, eta horren bitartez, birnaturalizatu egingo da Barandiaran parkearen ingurua, historikoki eremu industriala izan ondoren.

Parte hartzeko prozesuaren ondoriozko diseinua izango da proiektuaren erreferentzia, eta zehaztuko du nola azaleratuko den Pekin errekastoa, eta nola lehengoratuko diren ingurumen aldetik haren ibai-habitat eta ibai-espezieak, bai eta zer urbanizazio-obra eta ekipamendu behar diren.

Beste aurrerapauso bat da urrats hori, udalerrirako eta Pontika auzorako garrantzi handia duen berdegunea egia bihur dadin behar diren baldintzak sortzeko. Fase honetara heldu aurretik, beste urrats asko egin dira: etorkizuneko Barandiaran parkea zehazteko prozesua; lurzoruaren kalitatea aztertzeko laginketak; hondeaketa-plana idaztea; Arramendi pasealekuko obrak, 25 aparkaleku-plaza lortzeko, eta Pontika-Beraun Beherakoak, 183 plaza lortzeko (horrela, gaur egungo orubetik auto guztiak ateratzeko behar diren aparkalekuak sortuko dira).

Ildo horretan, proiektuak kontuan hartuko ditu lurzoruaren kalitatearen azterketan eta hondeaketa-planean bildutako datuak. Iaz hasi ziren lan horiek, eta ezinbestekoak dira parkea eraikitzeko.

Egin beharreko beste lan batzuk ere azpimarratu behar dira: analisi topografikoak egiten ari dira zehazteko nola azaleratuko den urak Oiartzun ibaiaren estuariora isurtzen dituen errekasto hori, eta, bestalde, beste administrazio batzuei kontsultak egiten ari zaizkie proposamen teknikoa baliozkotu dezaten.

Asmatu S.L. enpresa kontratatu da exekuzio-proiektua idazteko, 51.730 euroan.

Hidrokarburoak deskontaminatzea

Hiri-parkearen proiektua idaztearekin batera, hidrokarburoak deskontaminatzeko lanean ari dira orubean. Orain arte, 40.000 litroko edukiera duen lurpeko fuel-olio biltegi batekin aritu dira: hura garbitu, desgasifikatu, txatar bihurtu eta zerbitzuz kanpo jarri dute. Lurzoruaren degradazioa konpontzeko aurretiazko lan horiek 44.421,58 euroko kostua izan dute, eta Limia & Martin, SL enpresari esleitu zitzaizkion.

Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiaren esparruan, lurzoruaren kalitatearen eta babesaren arloan aurreikusitako hurrengo urratsa izango da PCBak deskontaminatzea. Gecotor-en orubeak hartzen zuen industria-jardueraren ondorioz agertu da kutsatzaile iraunkor hori; ez du eremu oso zabala hartzen, baina, ingurumen-legeria sektorialaren arabera, tratamendu espezifikoa behar du.