Juneren Hegoak elkarteak crowdfounding bat jarri du abian June Sánchez Tolaretxipi bekaren IV. edizioa finantzatzeko

Juneren Hegoak elkarteak hamar urte beteko ditu aurten, eta crowdfounding bat jarri du martxan haur-minbizia ikertzeko June Sánchez Tolaretxipi bekan eman ohi dituen 3.000 euroak lortzeko.

Elkarteak June Sánchez Tolaretxipi Beka sortu zuen 2015 urtean, Euskal Herriko Pediatria Elkartearekin batera, helburu bikoitzarekin: batetik, June omentzea eta gogoratzea, eta, bestetik, haurren minbizia ikertzea bultzatzea, haur horiek eta haien familiak hobeto bizi daitezen, elkartearen hiru helburu nagusietako bigarrena betez, hau da, haurren gaixotasunen aurka borrokatzea (lehenengoa familiei laguntzea eta orientatzea da, eta hirugarrena, berriz, haurren gaixotasunen errealitatea gizarteari hurbiltzea).

“Ikerkuntzan sinesten dugu, haurren minbiziaren aurkako borrokan irtenbide bakarra den aldetik. Zoritxarrez, gaur egun, ikerketarako laguntzak mugatuak dira. GKEen sektorea ere ez da une ona bizitzen ari, bizi behar dugun koiuntura dela eta. Horregatik, aurten gure laugarren beka beste era batera aurkeztu nahi izan dugu, herritarrak 3000 euro lortzeko erronka honetan inplikatuz, haur minbiziaren ikerketara bideratuko direnak. Edozein ekarpen, txikia bada ere, ongietorria izango da”, azaldu dute Juneren Hegoak elkartetik.

Crowdfounding ekimen honetan ekarpenak egiteko esteka hau da.

Hiru beka, hiru ikerketa giltzarri

June Sánchez Tolaretxipi I. beka Idoia García Camino doktoreari esleitu zitzaion 2015ean, Gipuzkoako haur eta nerabeen tumore pediatriko arraroen karakterizazio molekularrari buruzko lanagatik. Bestalde, II. eta III. bekak Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako buru den Itziar Astigarraga ikertzaileari eta haren taldeari, Biocruces Institutuko haur-minbiziari buruzko ikerketa-taldeari, esleitu zitzaizkien. Lehenengo lanean, minbizia duten haur eta nerabeen infekzio larriak diagnostikatzeko markatzaileak aztertu zituzten. Bigarren ikerketan, berriz, pediatriako sarkomen (tumore gaiztoak) diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua hobetzeko analisia landu dute. Tumore pediatriko guztien % 15 dira, gutxi gorabehera. Azterketa horiek guztiek haurren minbiziaren ikerketan egiten dute ekarpena, eta hori funtsezkoa da minbizia dutenen bizi-itxaropena handitzeko.