Trafikoan eta garraioan aldaketak Inauteriak direla eta

Aurtengo Inauteriak direla eta, asteburu honetan udalerriko eremu handi bati eragingo dioten trafiko-neurri batzuk ezarriko dira.

Desfilearen ibilbidea

Otsailaren 19an, igandea, goizeko 11:00etatik 15:00etara egingo den konpartsen desfilearen ibilbidea honako hau izango da:

Pontika-Arramendi pasealekua, Errioxako biribilgunea, Tulle, Mª de Lezo, Xenpelar, Biteri, Nafarroako biribilgunea, Nafarroako etorb., Galiziako biribilgunea, Nafarroako etorb., Alameda, Santa Klarako biribilgunea, Gabierrota biribilgunea.

Zirkulazioari buruzko neurriak

Ibilgailuak ezin izango dira aparkatuta egon Tulle, Maria de Lezo, Xenpelar, Biteri kaleetan, Nafarroa etorbidean, Galizia eta Santa Klara biribilguneen artean, ezta 4 eta 6 zenbakien arteko Alaberga eremuan ere, ekitaldiak irauten duen bitartean Taxi geltokia lekuz aldatzeagatik. Desfileari begira, otsailaren 18ko (larunbata) 21:00etatik otsailaren 19ko (igandea) 15:00etara ibilgailurik gabe egon beharko dira.

Igandean, desfilea hasi baino 30 minutu lehenago, ondorengo guneak itxiko dira:

  • Beraun eta Arramendi arteko bidegurutzea.
  • Arramendi pasealekua.
  • Errioxako biribilgunea.

Gidariei desfilean zehar, zehazki igandeko 10:30etatik 15:00etara, erdigunetik ez dezatela zirkulatu eskatu nahi zaie, bide alternatiboen erabilera gomendatuz, hala nola GI-636 errepidea (saihesbidea) auzoetara sartzeko.

Desfilearen gunean eta ondoko kaleetan (Koldo Mitxelena plaza, Pablo Iglesias, Biteri 35, Segundo Izpizua, Morronguilleta 4) dauden garajeetan aparkatzen dutenek desfilearen ordutegia kontuan izan beharko dute, ibilgailua erabili nahi izan ezkero ezin izango baita inguru horretatik zirkulatu.

Santa Klarako biribilgunetik Gabierrotako biribilguneraino Nafarroa etorbidean aparkatzen dutenek kontuan izan beharko dute desfilea egiten den orduetan ezin izango direla gunera sartu edota bertatik atera.

Garraio publikoa

Trafiko mozketak eragindako hiriarteko lineak honako hauek izango dira:

E01 Pasai Donibane – Donostia
E02 Oiartzun – Donostia
E03 Pasaia – Donostia (Poliklinika)
E27 HONDARRIBIA – DONOSTIA

Diputazio plaza, Alameda, Gabierrota eta Larzabal geltokiak kendu eta Altamira, Arragua eta Lintzirinera eramango dira.

Hiri Zerbitzuko geralekuak bertan behera geratuko dira, eragindako kaleak trafikoarentzat libre geratu arte. Lehenik eta behin, geldialdia Tulle kalera pasako da, eta, ondoren, Xenpelar eta Morronguilleta kaleetako ohiko geltokiak erabiliko dira.