Kilometroak 23k Egunkariaren itxiera gogoan hartuko duen ekitaldi sorta antolatu du

Otsailaren 20an da hogei urte beteko dira Guardia Zibilak ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi eta hainbat lagun atxilotu zituela, epaile baten aginduz.

Gertaera gogora ekartzeko, bost ekitaldi antolatu ditu Kilometroak 23k; hilaren 20an hasi eta 24an amaituko dira. BERRIA egunkariarekin batera prestatutako egitaraua da, eta ‘Egunkariatik BERRIAra, 20 urte’ izena jarri diote proposamenari.

‘Erriola’ leloa ardatz hartuta, “komunitatea, euskara, eta errelatoaren bidez egindako eskertza” dira aurten Kilometroak 23ren helburuak, eta xede horien barruan antolatu da egitaraua.

Horra, egunez egun, zer emango duen “Egunkariatik Berriara, 20 urte”-ren egitarauak:

Otsailaren 20a: ‘Egunero behar genuen’ liburuaren aurkezpena egingo da

Imanol Murua Uria kazetaria EHUko irakasle eta ikertzailea da gaur egun, eta ‘Egunero behar genuen’ liburua ondu du: ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi eta BERRIA argitaratzen hasi bitartean kaleratu zen egunkariaren historia. Ikerketa lan mardula ere bada, hala ere, egin duena: dokumentazio lanak, eta argitalpena atera ahal izateko lanean jardun zuten hainbat pertsonari egindako elkarrizketetan jasotako datuek eta oroitzapenek xehetasun asko eman dituzte.

Liburuaren sortze prozesuari eta edukiari buruzkoak Lekuona Fabrikan

aurkeztuko ditu egileak, 19:00etan. Bertan izango dira hainbat auzipetu.

Otsailaren 21a: ‘Egun oro’ zabalduko da

“Erantzun bat” izan zen 2003ko otsailaren 21ean ‘Egunero’: “bidegabea” izen operazio bati aurre egiteko era. Urrats hark izan zuen garrantzia aintzakotzat hartuta, ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxieraren eta eman zen erantzunaren inguruko informazioa jasotzen jardun dute igaro asteotan Orereta ikastolako ikasleek. DBHko 2. mailako eta Batxilergoko Oiartzoko ikasleek hartu dute eginkizuna, eta, bere tamainan mugarri izango den beste hedabide bat plazaratuko dute beraiek ere ikasi dutenaren berri emateko: ‘Egun oro’.

Itxuraz, diseinuari dagokionez, ‘Egunero’-ren tankerakoa izango da ikasle gazteek egingo duten argitalpena. 5.000 ale inguru zabalduko dira, BERRIArekin elkarlanean.

Otsailaren 22a: ‘Paperezko hegoak’ dokumentalaren emanaldia

‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxiera azaltzeko egin diren lanen artean nabarmenenetariko bat da ‘Paperezko hegoak’ dokumentala, Samara Velte eta Josu Martinezek egindako lana itxiera eragin zuen polizia operazioaren atzean zer egon zen ulertzeko gakoak ematen ditu.

Solasaldi bat egingo da emanaldiaren ostean, eta bertan itxieraren ostean auzipetuta egondako hainbat pertsona egongo dira. 19:00etan izango da, Niessen auditorioan. Ekimen hau Ozzinema elkartearekin elkarlanean egingo da.

Otsailaren 23a: ‘‘Egunkaria’-tik BERRIAra’ itzuli artistikoa egingo da

Herriko hiru tabernaren parean: Arkaitzan, Desiran eta Zuzenen. Txandaka, hiru txoko horietan, ‘Egunkaria’-ren itxieraren gaia landuko da era artistikoago eta sortzaileago batean: hiru era ezberdinetan.

Axun Ertzibengoa eta Arantxa Iraola ‘Euskaldunon Egunkaria’-n kazetari ari ziren itxi zutenean, ‘Egunero’ egunkarian ere jardun zuten gero. Garai hartako oroitzapenak eta itxieraren gaineko gogoetak txirikordatuko dituzte beren solasen bidez. Solasean egiten dituzten etenak Arkaitz Miner biolin- jotzaileak beteko ditu, entzundakoak aintzat hartuta, haiei erantzunez.

Arkaitzan ariko dira 19:00etan, Desiran 19:30ean, Zuzenen 20:00etan.

Joxe Mari Karrere istorio kontalariarena izango da beste proposamenetako bat. Ibai Maritxalar ilustratzailearekin batera jardungo du hark. ‘Euskaldunon Egunkaria’ babesteko gizartean sortu zen mugimendua gogoratuko dute, besteak beste.

Desiran ariko dira 19:00etan, Zuzenen 19:30ean, Arkaitzan 20:00etan. Musikari birena izango da hirugarren proposamena: Aitor Zorzanok eta Gema Inesek eskainiko dute.

Zuzenen ariko dira 19:00etan, Arkaitzan 19:30ean, Desiran 20:00etan.

Otsailaren 24a: ‘Kantu bat gara’ ikuskizuna izango da

Jon Maia Soria bertsolaria urteotan hainbat talde eta abeslariaren letragilea ere izan da, eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen du ‘Kantu bat gara’ ikuskizunaren bidez. Kontzertu honetan propio erreparatuko die Kilometroak 23ren barruan jorratuko diren hainbat gairi, baita ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxierari ere.

Lekuona Fabrikan izango da emanaldi hau ere, 19:30ean. Sarrerak salgai daude, sarrerak.errenteria.eus webgunean.

Otsailaren 24a: Esmalteriako Ostiraletan ere jorratuko da gaia

Asteon, ezin bestela, ‘Euskaldunon Egunkaria’- ren itxieraren eta BERRIAren sorreraren inguruan antolatuko dute saioa. Besteak beste, egunkariekin eskulanak egingo dituzte. 2-6 urte bitarteko umeentzat eta haien familientzat izango da. Esmalteriako eraikinean izango da, 17:00etan. Aurrez izena eman behar da parte hartzeko, Orereta ikastolako webgunean.