Udalak abian jarri du, modu pilotuan, gatazka komunitarioen bitartekaritza eta kudeaketa zerbitzu berria

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Mikel Amenabar, Udaltzaingo burua; Aizpea Otaegi, alkatea, eta Bernar Lemos, Segurtasun zinegotzia
  •  Zerbitzuak bizilagunen artean zein espazio publikoan gara daitezkeen hainbat gatazka artatuko ditu
  • Errenteriako edozein bizilagunek eska dezake zerbitzua. Presentziala izango da, baina aurretiko hitzorduarekin funtzionatuko du
  • Zerbitzu hori modu pilotuan jarri dute martxan, eta udalerriko hainbat eragilerekin bizikidetzari buruz egindako prozesu batetik dator abian jartzea

Errenteriako Udalak bitartekaritza- eta bizikidetza-zerbitzu berria aurkeztu du, bitartekaritza profesionalaren bidez auzo- eta komunitate-gatazkei edo espazio publikoan sor daitezkeenei erantzuteko helburuarekin.

Zerbitzu hau modu pilotuan jarri da martxan, ideia honetatik abiatuta: elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa lantzea onuragarria dela gatazkak konpontzeko modu gisa, eta, aldi berean, aniztasuna onartuz elkarrekin bizitzearekin zerikusia duten irtenbideen partaide egiten gaituela.

Artatuko diren gatazken artean, honako hauek daude, adibidez:

-Zaratak, animaliek, usainek, eta abarrek eragindako eragozpenak zein harreman gatazkatsu edo zailak.

-Espazio publikoa erabiltzean edo partekatzean sortzen diren gatazkak, desberdintasun sozialak, espazio publikoaren kudeaketa, etab.

-Eremu pertsonaletik haratago doazen eta alarma soziala sortzen duten gatazkak.

Zerbitzu hori emateko, arlo horretan espezializatutako enpresa bat kontratatu da, bitartekaritzan egiaztatutako profilak eta esperientzia handia dituena.

Honako hauek izango dira zerbitzuaren printzipioak: borondatezkotasuna, malgutasuna, konfidentzialtasuna, neutraltasuna eta inpartzialtasuna, eta lege-esparruarekiko errespetua.

Zerbitzua martxan jartzea

Bitartekaritza eta gatazken kudeaketa zerbitzua datorren ostegunean, martxoaren 2an, jarriko da martxan eta ostegunero eskainiko da, 12:00etatik 19:00etara, Errenteriako Udalean.

Herritarrak zerbitzuarekin harremanetan jarri eta hitzordua eska dezakete 943 449 600 edo 010 telefono zenbakietara deituz edo bitartekaritza@errenteria.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

Zerbitzuaren ezaugarriak eta zerbitzua emateko modua, hasiera batean pilotua dena, 2023ko urrira arte egongo dira martxan.

Udaleko hainbat arlotako arduradunek osatutako talde politiko-tekniko bat arduratuko da artatzen diren kasuen jarraipen estua egiteaz eta horiek nola jorratzen diren zehazteaz, eta, aldi berean, udaleko edo udalaz gaindiko beste zerbitzu batzuei dagozkien bideratzeak egiteaz arduratuko da, egoki irizten zaienean.

Jarraitutasuna emateko modua erabileraren, gatazka motaren eta lortutako emaitzen araberakoa izango da.

Parte-hartze prozesua

Zerbitzu berri hau martxan jartzea Udalak abian jarritako parte-hartze prozesuaren emaitzetako bat da, etorkizuneko ordenantza zibiko eta bizikidetzakoak jaso eta jorratu beharko lituzkeen gaiei buruz hausnartzeko.

Prozesu hori 2021eko irailetik 2022ko ekainera garatu zen, eta udalerriko hainbat eragileren parte-hartzea eta inplikazioa izan du. Eskerrak eman nahi dizkie Udalak, prozesuarekin erakutsi duten konpromiso handiagatik, herriko hainbat auzotako auzo elkarteei eta gizarte-erakunde zein eragileei; izan ere, prozesuan parte hartu dute horiek guztiek, Udaleko teknikariekin batera, bai eta, entzule gisa, Udalean ordezkatutako alderdien ordezkariekin ere.