Alkateak eta Hirigintzako zinegotziak industria sortzaileen poloa hartuko duen Agustinetako eraikinaren obra bisitatu dute

• Eraikinak lanbide sortzaileen eta kultur arloko enpresa-proiektuen inkubategi eta azeleragailu izan nahi du
• Era berean, herritarren gozamenerako, lorategia auzora zabalduko da aisialdirako gune berri gisa, eta “plaza” bat sortuko da, eraikinaren erabiltzaileen eta bisitarien arteko topagune izango dena

Gaur goizean Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak obra-bisita egin dute industria sortzaileen poloa hartuko duen Agustinetako eraikinean. Bertan, obraren arduradunak, udal-arkitektoak eta proiektua idatzi duten enpresako arkitektoek lanen nondik norakoak azaldu dituzte.
Agustinen eskola izandako eraikin hau birgaitzea 2019-2023 Agintaldirako Planaren barruan dagoen beste ekintza bat da. Proiektu hau kulturak Errenteriaren eraldaketan eta garapenean duen estrategikotasuna eta potentziala garatzen jarraitzera dator, Errenteria 2025 Plan Estrategikoarekin bat.

2.032.800 euroko aurrekontuarekin, obrak iaz hasi ziren eta udarako amaituta egotea aurreikusten da. Udazkenean horniduren txanda izango da eta 2024ko hasieran zabaltzea aurreikusten da. BERPIZTU programaren baitan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1.000.000 euroko ekarpena egingo du.

Gune berri honek jarraipena emango dio 2015etik Torrekuan garatzen ari den sormene-lanbideen inkubagailuari. Halaber, jauzi kualitatibo handia emango du, sormen-lanbideen eta kultura-arloko enpresa-proiektuen azeleratzaile gisa funtzionatuko baitu. Horretarako, kultur arloko enpresa-asmo eta proiektuei akonpainamendua, aholkularitza eta zerbitzuak emateko bokazioa du, eta sormen-industrien sektore zabala osatzen duten sektoreetako enpresa eta elkarteentzako topagunea ere izango da.

Eraikina diseinatzeko orduan, premisa nagusiak izan dira jatorrizko egitura mantentzea, eraikina barruko aldean moldagarria izatea, une bakoitzeko beharretara egokituko delarik, energetikoki eraginkorra izatea eta jendeari zabaltzea. Azken puntu horretan, lorategiak, orain arte espazio pribatua izan denak, protagonismo berezia hartzen du, Agustinak auzora irekiko baita aisialdirako eta egonaldirako gune berri gisa. Era berean, “plaza” bat ere egongo da; hots, sortzaileen eta bisitarien arteko topagune bat, non, gainera, ekitaldiak antolatu eta programatu ahal izango diren, sinergia berriak sortzeko helburuarekin.