
‘Zatoz! Murgildu kirolean eta izan zaitez parte’ kirolaren munduan inklusioaren aldeko apustua da, eta pertsona guztiek kirola eskuragarri izatea du helburu.
Kirola denon aukera izateko bide honetan sentsibilizazio kanpaina bat da, Kultura Aniztasuna, Giza Eskubideak eta Garapenerako Lankidetza eta Kirolak sailen ekimenez: alde batetik, herriko hainbat gunetan Errenteriako askotariko kirolarien argazkien erakusketa jarriko da, kirolean dagoen errealitate anitza islatzeko; eta, bestetik, kirol mundurako sarbidea errazteko, herriko informazio praktiko eta irisgarria jasotzen duen web-orri bat sortu da.
Arduradunek honako hau azaldu dute: “Argazkien erakusketa honen bidez ikusarazi nahi da, estereotipoetatik urrun, kirola gozamenerako gune bat dela eta izan behar duela, denona den eskubidea eta aukera aldarrikatuz”. Gainera, pertsona orori kirolean parte hartzeko dei egitearekin batera, kirola inklusiboa izango den mundu bat bilatzea eta ikusaraztea da asmoa: anitza eta aberatsa den mundua, hain justu, Errenteriatik bertatik abiatuta. Horregatik, herriko kirolariak erreferente eta eredu gisa hartu eta aniztasun horren erakusgarri izanik, haiek agertzen diren irudiak daude ikusgai herriko auzoetan zehar: Beraungo (Mikel Odriozola), Fanderiako eta Gabierrota pasealekuko Bakearen Aldeko parkeko futbol zelaietan, Agustinetako pistan, Fanderiako tenis kantxan, Fanderiako eta Galtzarabordako kiroldegietan, Koldo Mitxelena eta Cristobal Gamon ikastetxeetan eta Ondartxon (Hibaika Arraun Elkartearen kanpoaldean). Gainera, argazki horiek eskuragarri daude sortu den web-orrian.
Ekimen honi dagokionez, eskerrak eman nahi dizkie Udalak parte hartu duten pertsona eta eragileei: Otxe Oarsoaldea Txirrindularitza K.E.ri, Mindara Elkarteari (futbola eta pala), Club Judo Sayoari, futbol jokalariei, Ereintza Eskubaloiari, eskola kiroleko monitoreari, CAR – Club Atlético Renteriari, Hibaika Arraun Elkarteari eta Alai Emakume Taldeari.
Sortutako web-orriari dagokionez, kirola pertsona guztiei hurbiltzeko bide honetan, Kiroletako Udal Sailak herritarron eskura dituen hainbat zerbitzuren berri eman eta informazio praktikoa jasotzea du helburu. Atal hauek jasotzen ditu:
1. Kirolera sarbidea: Ikastaroak, tasak, abonuak eta kirol alorreko dirulaguntzak.
2. Kirol-guneak: Kirol instalazioak eta doan erabiltzeko guneak.
3. Herriko kirol elkarte federatuak.
4. Kirol Saila: Kontaktua eta webgune orokorrera sarbidea.
Gainera, ildo beretik, bestelako egitasmoen bidez elkarbizitza sustatzen duen Kultura Aniztasuna, Giza Eskubideak eta Garapenerako Lankidetza saileko webguneko sarbidea ere azaltzen da.
Egitasmo honen helburua da pertsona guztiei kirolerako gonbidapena egitea da, haien irisgarritasuna erraztuz, eta baita kirolean dagoen aniztasuna ikusaraztea ere, kirola denona eta denontzat delako. Ardatza elkarbizitzan oinarritutako eredua da, aniztasun mota guztiek parte hartu beharko lukete-eta gizarteko espazio guztietan; hala ere, pertsona askok, hainbat arrazoi tarteko, zailtasun nabarmena dute arlo batzuetara heltzeko, eta, errealitate hori kirolean ere islatzen da; izan ere, zenbait pertsonentzako kirolerako sarbidea zailagoa izaten da, oztopo fisikoak, ekonomikoak, sozialak edo burokratikoak direla medio; eta kontuan izanik ariketa fisikoa beharrezkoa dela pertsonen ongizaterako eta haien osasun fisiko eta emozionalerako, pertsona orok izan beharko luke kirolean jarduteko aukera.
Arduradunek azaldu dute: “Eraikitzen ari garen gizartearen parte eta oinarri diren balioak sustatzen eta barneratzen ditu kirolak: gizarte-kohesioa, integrazioa eta inklusioa bultzatzeko ezinbesteko eta beharrezko balioak, hain zuzen; kirola eta osasuna inklusioaren bidetik, bizitza aktiboak eragiten dituen onura pertsonalak nahiz sozialak batuta, pertsona bere osotasunean hartzen du ardatz nagusitzat, herritarrak aktiboagoak, dinamikoagoak eta ahaldunduagoak izan daitezen”.