Beraun auzoa birgaitzeko plana martxan dago

Argazkian, eskubitik ezkerrera: Alazne Korta, Giza Baliabideetako zinegotzia; Aizpea Otaegi, alkatea, eta Eneko del Amo, Hirigintza zinegotzia.
  • Udalak Beraungo etxebizitza-blokeetako ordezkariak gonbidatu nahi ditu martxoaren 9an, osteguna, egingo den informazio-bilerara. Bertan, auzoko bloke batzuetan egingo den ekorehabilitazioaren berri emango da

Udalak dirulaguntza jaso du Beraun auzoan hiri-berroneratze integraleko prozesua gauzatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Sailaren eskutik. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.200.282,01 eurokoa da.

Beraun auzoko hiri-berroneratze proiektuak barne hartzen ditu, besteak beste, eraikinetan egin beharreko esku-hartzeak: auzoko 3 edo 4 etxebizitza-bloke ekorehabilitatzea aurreikusten da, 102 etxebizitza guztira. Deialdiaren irizpideen arabera hautatuko dira, hautagaitzak aurkezten dituztenen artean. Birgaitzea jarduketa integralaren ikuspegitik egingo da, irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa, bizigarritasuna eta suteen aurkako babesa hobetuz. Bloke horietako jarduketetara 1.160.382,01 euro bideratuko dira.

Hobekuntza horiek egiteko laguntzei buruzko informazioa zabaltze aldera, Udalak Beraungo komunitateetako administratzaile, lehendakari zein bizilagunei deia luzatu nahi die datorren ostegunean, martxoak 9, 18:30ean, Bizarain Txikin egingo den bilerara (Juan Crisostomo de Arriaga z.g.).

Gainera, martxoaren 13an hurbileko bulegoa irekiko da Pablo Sorozabal plazan, eta bertan, herritarrek proiektuen inguruko zalantzak argitu ahal izango dituzte.
Bestalde, Beraun auzoko hiri-berroneratzeak honako bost jarduketa hauek hartzen ditu barnean:

• Hurbiltasuneko bulegoa: esan bezala, Pablo Sorozabal plazan hurbiltasuneko bulego bat ezartzea proposatzen da, jardun beharreko eraikinetatik gertu. Bulego Teknikoak eta Hurbiltasuna Kudeatzeko Bulegoak honako helburu hauek izango ditu: jarduketak zabaltzea eta informatzea, obrak egin aurreko kudeaketa-jarduketak garatzea (erkidegoei argibideak ematea, zalantza teknikoak ebaztea), jarduketei ekiteko auzo-akordioak erraztea eta sustatzea, laguntzak izapidetzeko leihatila gisa funtzionatzea, txostenak egitea eta bizilagunen eta administrazioaren arteko koordinazioa.

• Eraiki gabeko espazioaren berrurbanizazioa eta esku-hartzeak: Erabilera publikora bideratutako espazioak egokitzeko beharrezkoak diren berrurbanizazio-jarduketak egingo dira, oinezkoen eta bizikleten erabilera erraztuz ibilgailu motordunen gainean.

• Ekipamenduetako esku-hartzeak: Jarduketa isolatuak proposatzen dira titulartasun publikoko eraikinetan, palanka-efektua dakartenak eta bizitegi-inguruneen hiri- eta gizarte-berroneratzean laguntzen dutenak.

• Energia-komunitateak eratzea: tokiko energia-komunitateak edo autokontsumorako komunitate partekatuak sortzea bultzatuko da, energia elektrikoaren kudeaketa hobea eta horren autoekoizpena ahalbidetzeko.

• Digitalizazioa: beharrezkoak diren digitalizazio-azpiegiturak eta -instalazioak garatuko dira, bai auzoan (edo eraikin-multzoan), bai eraikinetan eta etxebizitzetan.

Ekintza guztiak 2023, 2024 eta 2025 urteen artean egingo dira.

Enplegu planak

Auzoa birgaitzea enplegua sustatzearekin ere lotu nahi da. Hori dela eta, enplegu plan batzuk jarriko dira martxan Beraun birgaitzeko proeiktuekin lotuta egongo direnak.