Etxekolan, zaintza eta etxeko langileentzako eta kontratatzaileentzako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzu publikoa

2022ko maiatzean Errenteriako Udalak 1,3 milioiko diru-funtsak jaso zituen pandemiaren errealitateari aurre egiteko eta horren zati bat ‘Zaintzak duintzen’ estrategia garatu ahal izateko bideratzea erabaki zuen.

‘Zaintzak duintzen’ estrategia Errenteriako III. Berdintasunerako Planaren zaintza-lanen ekonomia feminista ardatzean jaso diren helburuen aterkipean kokatzen da. Hain zuzen, zaintzarekiko herri erantzunkidea izateko bidean urratsak ematea eta zaintza-lanetan diharduten emakumeen egoera hobetzeko helburuekin. Bi helmuga horietara iristeko, eta estrategia horren baitan, hiru lan-ildo nagusi zehaztu ziren:

1. Arreta soziosanitariko doako formakuntza etxeko langileentzat.

2. Etxekolan, zaintza eta etxeko langileentzat, eta kontratatzaileentzat aholkularitza eta lan-bitartekaritza zerbitzua berpiztea.

3. Zaintzen egoera duintzeko herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina.

Etxeko langileen profesionalizaziorako lau ikastaro

Errenteriako Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez, arreta soziosanitarioko ziurtagiri profesionala lortzeko lau doako ikastaro antolatu ditu.

Ikastaro bakoitzean 15 plaza eskaini dira eta guztira 60 pertsonek jaso dute formakuntza, horietako %90 emakumeak eta %72 Errenteriakoak.

Lanean zeuden Emakumeen parte-hartzea ezinbesteko helburua zenez, ikastaroen egunak eta ordutegiak langileen errealitatera egokitu ziren. Hau da, bi ikastaro asteburuetan eskaini ziren eta beste biak astean zehar, baina ez-ohiko ordutegietan, hitzarmenak deskantsurako orduak esleitzen dizkien tarteetan baizik.

Etxekolan, aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua

2018an Errenteriako Udalak etxeko-lanetan aritzen ziren pertsonen egoeraren inguruan kezka azaldu eta eskualde mailan kolektibo horri laguntzeko eskualdeko zerbitzua diseinatu zuen Oarsoadea Garapen Agentziarekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean.

Etxekolan zaintza eta etxeko langileentzako eta kontratatzaileentzako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzu publikoa eta doakoa da.

Zerbitzua astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, Oarsoaldea Garapen Agentziako Errenteriako Bulegoan (Olibet auzoko 6 poligonoa) eskaintzen da. Era berean, apirilaren 20tik aurrera, eta zerbitzua emakumeen errealitateari modu integralagoan iristeko helburuz, Errenteriako Emakumeen Etxean (Txirrita parkea z.g) ere eskainiko da ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara bitarte.

Leku batean zein bestean aurretik hitzordua eskatu beharko da, 943 510 200 telefono zenbakira deituz edo olibet@oarsoaldea.eus posta elektronikora idatziz.

Batetik, familia eta etxeko-lanetan aritzea helburu duten pertsonen arteko lan-bitartekaritza zerbitzua eskaintzen du. Lan-bitartekaritza zerbitzu hau familiak lan baldintzen inguruan informatu eta kolektibo hauen egoeraren inguruan sentsibilizatzeko ere erabiliko da.

Bestetik, etxeko lanetan aritzen diren edo aritu nahi duten pertsonengan eragin nahi du; lan eskaintzetan parte hartzeko lan poltsa zerbitzua, prestakuntza eta kontratazioaren inguruko informazioa eta aholkularitza eskainiz.

Sentsibilizazio kanpaina

Errenterian 65 urte edo gehiago dituzten 9.525 pertsona bizi dira (biztanleen % 24,1). Bizitzako momentu batean edo bestean pertsona guztioi egokitzen zaigu zaintzea eta zainduak izatea, eta zaintza-lanak duintasunez eta arduraz garatzea dagokigu gizarte bezala. Sarritan, ezjakintasunagatik, baldintza desegokietan kontratatzen dira etxeko langileak.

Izan ere, zaintza eta etxeko lanetan ari diren langileen %31k ez dauka kontraturik, % 56,3k ezin du gaixotasun bajarik hartu, % 36,5ek ez daukala oporrak hartzeko aukerarik eta % 45,1ek adostutakoak baino ordu gehiago lan egiten ditu Gipuzkoan.

Hortaz, zaintzaren esparruko lan-harremanak baldintza duinetan ezartzea onuragarria da zaintzailearentzat zein zainduarentzat. Horretaz kontzientzia hartzeko, Zaindu zaintzailea leloa duen kanpaina zabalduko da datozen egunotan.

Alde batetik, euskarri informatiboa banatuko da Errenteriako etxeetan. Bestetik, Iztietako eta Beraungo anbulategietako zonaldeetaan, Galtzarabordako kiroldegiko inguruan eta Gabierrotako bidegorriaren zonaldean euskarri informatiboak jarriko dira. Eta, azkenik, informazio guztia herritarren eskura jarri da errenteria.eus/zaintzak-duintzen/ webgunean.

Kanpainaren diseinuan indarguneetako bat izan da sektoreko eragileekin lan-saioak antolatu izana berau diseinatzeko: SOS Arrazakeria, Maitelan kooperatiba eta Bidez Bide elkartea. Horregatik, Errenteriako Udalak eskerrak eman nahi dizkie, beraien prestutasunagatik eta beraien jakintzak zein esperientziak kanpaina honen mesedetara jartzeagatik.