Martxoaren 9an, ostegunean, zabalduko dute Udako Oporrak programan on-line izena emateko epea

Argazkian: Ibai Narbarte, ‘Udako Oporrak’ programaren koordinatzailea; Bea Martín, Gazteriako dinamizatzailea, eta Xabier Sánchez, Gazteriako zinegotzia
  • Modalitate presentzialean izena ematea ZU! zerbitzuan martxoaren 20an hasiko da eta aurretik ordua hartu beharko da

Datorren ostegunetik, martxoak 9, apirilaren 2ra arte, biak barne, Errenterian erroldatuta dauden adin txikikoek eta, udalerrian erroldaturik egon gabe,  herriko ikastetxe batean ikasten dutenek, udako aisialdi hezitzailearen eskaintza osatzen duten jardueretan izena eman ahal izango dute.

Herritarrei gomendatzen zaie izapide guztia gazteria.errenteria.eus webgunetik sar daitekeen aplikazioaren bidez egitea.

Nahi duenak, martxoaren 20tik 31ra, biak barne, aurrez aurre egin dezake izen-ematea ZU! zerbitzuan (Herriko Plaza z.g.). Horretarako, gazteria.errenteria.eus webgunearen bidez beharrezko inprimakia deskargatu daiteke eta eskatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu.

Aurrez aurre izena emateko, ezinbestekoa da martxoaren 15etik aurrera hitzordua hartzea 943 449 600 eta 010 telefono zenbakietan.

Gaztetxoen beharretara egokitzen saiatzen den eskaintza

Udan, ikasturtean zehar bezala, aisialdi hezitzailearen aldeko apustua egiten du Udalak. Aisialdi horren helburu nagusia da balioetan eta eskubideetan heztea, hala nola parekidetasunean, parte-hartzean, inklusioan edo euskaran.

Eta herriko adingabeen beharrei erantzungo dien kalitatezko zerbitzua emateko apustu horretan kokatzen da Errenteriako Udalaren proposamen hau.

Guztira 906 plaza izango dira parte-hartzaileen adinaren arabera diseinatutako programetan banatuak.

2017 eta 2019 urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako ‘Txikiak’ eta 2013 eta 2016 urteen artean jaiotakoei zuzendutako ‘Handiak’ programetan izena eman nahi dutenek eskainiko diren bi txandetako batean egin dezakete: lehenengoa, ekainaren 26tik uztailaren 7ra izango da, eta bigarrena, uztailaren 10etik 21era.

Hiru izango dira elkartzeko guneak: Agustinak, Beraun eta Erdigunea.

760 plaza eskainiko dira guztira adin hauetarako bi txandetan. Eskainitako plazen kopurua gainditzen bada, zozketa bidez esleituko dira.

Tarifei dagokienez, aurreko urteko prezio berak mantentzen dira; hala, ‘Txikiak’ programan parte hartzeak 42,10 euroko kostua izango du, eta ‘Handiak’ programan parte hartzen dutenei zuzentzen diren jarduerek, berriz, 52,60 euroko kostua.

Joan den urtean ‘Errenteabentura’ programak izandako harrera onaren ondoren, proposamen hori berriro plazaratu dute. 2010 eta 2012 urteen artean jaiotako parte-hartzaileek goizez eta arratsaldez hainbat jarduera egin ahal izango dituzte, baita egun osoko txangoak ere.

Errenteabenturak txanda bakarra izango du, uztailaren 3tik 14ra, eta 96 pertsonak parte hartu ahal izango dute guztira.

Ekintza honen prezioa 63,00 eurokoa da.

Hezkuntza-eskaintza honek jasotzen duen azken programa 2007 eta 2009 urteen artean jaiotako gaztetxoei zuzendutako jarduera da, aurten “Kanpabentura” izena izango duena. Adin hauetako gazteek aste eta erdi igaroko dute Beireko (Nafarroa) aterpetxean eta foru-erkidegoko hainbat tokitan ekintzak egin ahalko dituzte, uztailaren 10etik 19ra bitartean.

Jarduera honen prezioa 210,30 eurokoa da eta 50 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Aurten ere behar espezifikoak dituzten parte-hartzaileei laguntzeko langile kualifikatuak egongo dira.

Gaitasun ekonomikoaren araberako tarifak

Errenteriako Udala zerbitzu batzuen prezioak erabiltzailearen gaitasun ekonomikora egokitzen ari da, besteak beste, Udako Oporrak programa. Hori dela eta, udako eskaintza hau osatzen duten programetako batean izena emateko unean ez da ordaindu beharko, izan ere, ordaindu beharrekoaren kalkulua behin matrikula egin eta gero egingo baita.

Hala ere, zenbateko hori kalkulatzeko, izena emateko orria betetzerakoan egin behar da eskaera.

Eskaintza honi buruzko informazio guztia eta parte hartzeko irizpideak gazteria.errenteria.eus webgunean ikus daitezke.

Nahi izanez gero, gazteria@errenteria.eus helbidera idatzi edo 943 449 606 telefonora deitu daiteke Gazteria Sailarekin harremanetan jartzeko.