Bost udal-eraikinetan eguzki plakak ezartzeko kontratua esleitu du Udalak Next Generation funtsen laguntzarekin

Errenteriako Udalak, Europar Batasunak – Next Generation EUk finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren laguntzaren bitartez, Errenteriako ondorengo bost udal-eraikinetan instalazio fotovoltaikoak ezarriko ditu: Bizarain Beraun Ikastetxean, Cristobal Gamon Ikastetxean, “Agustina Otaola Raketista Profesionala” Frontoian, Udaltzaingoan eta “Ekintzaileentzako Agustinak Zentroan”.

Udaltzaingoko instalazioa bakarkako autokontsumoan izango da, isurketarik gabe eta bateriekin. Gainerako instalazioak, berriz, autokontsumo kolektibo modalitatean izango dira, soberakin konpentsazioarekin.

Horretarako, instalazio fotovoltaiko hauen hornidura, instalazioa, tramitazioa eta abiaraztea egiteko kontratua esleitu du Udalak. Kontratuaren esleipena 386.558,89 eurokoa da, BEZ barne. Lanak burutzeko epea 2023ko abenduaren 31 artekoa da.

Proiektuak Europar Batasuneko finantzazioa –Next Generation EU– (281.275,00 €ko laguntza, itzuli beharrik gabe) laguntza jaso du. Ordainketaren funtsak Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministeriotik datoz eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik. Beraz, laguntzaren kopurua, proiektuaren kostuaren % 72,76koa da.

Instalazio hauek, ordea, ez dira Errenteriako Udalak abian jarritako bakarrak. Izan ere, 2010. urtetik hona beste 9 instalazio burutu ditu. Egin beharreko instalazio berriek 341 kW-eko ahalmena dute; horri lehendik dauden instalazioen potentzia gehituz gero, 626,72 kW-eko emaitza lortzen da. Instalatutako potentzia horrekin, Udalak urtean 662.476 kWh energia berriztagarri sortzeko ahalmena izango du.

Proiektuaren helburuak

Proiektu honekin hiru helburu bilatzen ditu Udalak:

  • CO2 isurketak murriztea.
  • Energia eraginkortasuna bultzatzea.
  • Energia modu berriztagarrian sortzea.

Proiektu hau Errenteriako Tokiko Agenda 21en Ekintza-planean eta Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza-planean jasotako konpromisoekin bat dator. Horretaz gain, Errenteriako Udala “Alkateen Ituna” izeneko ekimenean parte hartzen duenez, bertan jasotako Berotegi Efektuko Gasen murrizketarako konpromisoa betetzeko bultzada emango dio proiektu honek.