Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala Emakumeen Nazioarteko Egunean

Denon bizitzak erdigunean leloa hautatu du Euskal Herriko mugimendu feministak 2023ko martxoaren 8rako aldarrikapen gisa. Errenteriako Udalak lelo horretara batu nahi du guztion bizitzetan zaintzaren beharrezkotasuna azpimarratuz. Guztiok baitugu zainduak izateko beharra bizitzan zehar, eta guztioi egokitzen baitzaigu zaintzaile izatea ere. Pandemiak agerian utzi digu, hain juxtu, bizitza zaurgarria eta dependientea dela. Eta bizi-baldintza duin eta justuei eusteko, zaintzen esparruan politika feministak garatzea dagokigu Instituziooi.

Politika feminista horiek garatzeko, lehentasunezkoa da emakumeen lidergoak sustatzea, gobernantza feministaren eta lidergo partekatuaren eredu batetik abiatuta. Emakumeen parte-hartzea areagotzeko baldintzak sortzea ahalbidetuko duten politikak martxan jarriaz, ikuspegi formal edo arauemailetik harago joanaz.

Emakumeen parte-hartzearen alde lan egiteko, beharrezko da:

  • botere-espazioak partekatzea eta uztea eragozten dituzten erresistentziei eta inertziei aurre egitea. Horretarako, kristalezko sabaiak hautsi behar dira, espazio guztietan, aniztasun osoan eta ikuspegi intersekzionalarekin emakumeen presentzia bermatuko duten neurriak ezarriz.

  • zaintza-lanen banaketa erantzunkidean aurrera guztiz egitea, justizia-printzipioa delako eta emakumeen gainkargak herritartasun osoa egikaritzea mugatzen duelako.

  • zaintza eta bestelako lan feminizatuen sektore profesionala prekarizatuak balioestea, eta sektore horri gizarte-balioa aitortzea, bere baldintzak hobetuz.

  • emakumeek lidergoetan duten konfiantza, sinesgarritasuna eta eragina mugatzen duten estereotipo eta aurreiritziei aurre egitea.

  • emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak desagerraraztea, baita emakumeen aurkako indarkeria politikoa ere.

  • lidergoan jarduteko praktikak eta moduak deseraikitzea, besteak beste, menderatzean oinarritutako eredu androzentrikoak, zaintzaren denborak eta erantzukizuna kontuan hartu gabe, emakumeen eta boteretik baztertutako beste kolektibo batzuen talentua eta jakintzak mesprezatuz, eta talde-lana ez baloratuz.

  • emakumeen eta nesken eskubideak ikuspegi intersekzionala, berritua, erradikala eta eraldatzailea duen agenda feministaren erdigunean jartzea, emakume horiek boterean duten bazterketa sistematikoari aurre egiteko eta desberdintasun-arrakalak murrizteko.

Arrazoi horiek tarteko, egun honen testuinguruan, Errenteriako Udalak honako konpromisoak hartzen ditu:

1) Udalean ordezkaritza duten Alderdi politiko guztien eta Berdintasun Kontseiluaren adostasunez diseinatu den III. Berdintasun Plana garatzea, zeinak bost lan-ardatz zehazten dituen: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, zaintza-lanen ekonomia feminista, ekonomia eraldatzea eta indarkeriarik gabeko herria.

2) Indarkeria matxistaren biktimei arreta erreparatzailea eskaintze bidean urratsak ematen jarraitzea, Udalaren baliabide guztiak pertsona hauen mesedetara jarriaz, Emakumeen Etxea kasu.

3) Zaintza-lanak duintzeko politikak garatzea, etxeko langileei doako formazioa eskainiz edota Etxekolan zerbitzuaren bidez langile eta kontratatzaileak aholkatu eta bidelagunduz.

4) Errenteriako emakumeei ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzen jarraitzea, Eskola Feministaren eskaintzan sakonduz eta Emakumeen Etxeko programazioa indartuz.

5) Errenteriako talde feminista eta emakume elkarteekin etengabeko komunikazioan jardutea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko, Berdintasunerako Aholku Kontseilua horretarako baliatuz.

6) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-klausula sozialak gehitu, lan-arrakalak murrizteko, eta berdintasun-planak ezartzen laguntzea Udalak nolabaiteko kontratu-lotura duen enpresetan.

7) Estamentu publiko eta pribatu guztietan emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzen duten politikak indartzea, martxoaren 3ko 1/2022 Legean, Emakume eta Gizonen berdintasunerako legearen bigarren aldaketari buruzkoan, ezarritakoaren arabera.

Bukatzeko, Errenteriako Udalak herritar guztiei dei egiten die Mugimendu Feministak martxoaren 8an arratsaldeko 19:00etan Zumarditik abiatuta antolatu duen manifestazioan parte hartzera.