Alkateak eta Hirigintza zinegotziak eraitsiko diren Ondartxoko pabiloiak bisitatu dituzte

Argazkian: Eneko del Amo, Hirigintza zinegotzia, eta Aizpea Otaegi, alkatea, pabiloien aurrean

Joan den martxoaren 8an, Errenteriako Udalak, lokalen jabeek eta Astigarraga kaleko 9 zenbakiko bizilagunen ordezkariek Ondartxoko hiltegiaren ondoko lokalak eraisteko salerosketa-eragiketa burutu zuten.

Pabiloi horiek eraisteko eta, ondoren, espazioa egokitzeko salerosketa Iztieta-Ondartxoko hiri-berroneratze estrategiaren barruan kokatzen da, eta 2019-2023 Agintaldirako Planean jasota dagoen proiektua ere bada.

Errenteriako Udalak 199.634,44 € euroko aurrekontua onartu du proiektu hau gauzatzeko.

Espazioa onera ekartzeko hurrengo urratsak

Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak bertatik bertara ezagutu dituzte gaur goizean pabiloiak erosi ondoren egingo diren ekintzak.

Eusko Jaurlaritzak RYDE OBRAS Y SERVICIOS, S.L.U. enpresari amiantoa deskontaminatzeko baimena ematen dion bitartean, hau da, Udalak pabilioiak eraisteko kontratatu duen enpresari, udal-langileak horiek husten ari dira aldez aurretik.

Orubeak hartuko duen itxuraren planoa

Aurreikuspenen arabera, datozen asteetan jasoko da amiantoa kentzeko Eusko Jaurlaritzaren baimena, eta orduan eraitsi ahal izango da, 4 edo 5 eguneko epean. Halaber, eraispena hasi aurretik arratoiez garbituko dituzte pabiloiak.

Pabiloiak eraitsi ondoren, CONSTRUCCIONES ALZOLA S.L. enpresak orubea egokitu eta berrurbanizatuko du, eta bertan 23 aparkaleku berri sortuko dira kotxeentzako, eta baita motorrentzako hainbat ere. Era berean, argiztapen berri batekin egokituko da, erabilera berrirako egokiagoa.

Iztieta-Ondartxoko bizilagunen eskaria

Gune hori eraistea inguruko bizilagunen zein Iztieta-Ondartxoko Auzo Elkartearen eskaera historikoa da.

Pabiloien egoera txarrak eta auzoko eremu kaltebera hori eraberritu beharrak Udalak esku hartu behar izatea eragin zuten. Jabeekin eta auzokideekin aspalditik ari da lanean, alde guztientzako egokia izango den irtenbide bat bilatzeko.

Jarduketa konplexu hori burutzea ez da erraza izan, baina lokalak Udalaren eskuetara igaro izanak higiezinetan berehala esku hartzea ahalbidetzen du.

Hiltegia birgaitzea, gertuago

Momentu honetan idazten ari diren hiltegia birgaitzeko egikaritze-proiektuak azalera handitzea aurreikusten du, eraikinaren egungo patioa estaliz.

Horrela, berritutako orubera ematen duen fatxada izango du hiltegiak. Hartara, eremu hori ziurragoa izango da, ikusteko errazagoa gertatuko delako. Helburu horrekin berarekin, beste sarbide bat sortuko da Amasa kaletik.