Ikastolek eta Euskaltzaindiak “Batasunaren bidean” giza katea antolatu dute euskara batuari gorazarre egiteko

Martxoaren 24an, Errenteria eta Donostia lotuko dituzte 8.000 lagunek osatutako giza kate erraldoi batean, euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko. Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten “Ikastolak Herriari” egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.

Milaka gazte, nerabe eta herritarrek osatuko duten giza katea Errenteriako Gamon zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatuko da eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko.

Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak.

Goizeko 11etan emango zaio hasiera giza kateari eta 11:30ak arte iraungo du. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte har dezaketen herritarren kopuruak ez dauka mugarik, eta euskaltzale guztiei bertaratzeko deia ere egin diete. 11:30ean, bost gune egokituta izango dituzte antolatzaileek, horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.

Arratsaldean, ekitaldi instituzionala

Egun berean, arratsaldeko 17:30ean, ekitaldi instituzionala egingo dute Errenteriako Udalaren Udalbatza Aretoan. Bertan izango dira ekimenaren antolatzaileak, Ikastolak eta Euskaltzaindiko kideak, erakundeetako ordezkari eta hautetsiak eta Euskalgintzako eragileak.

Giza katean bezala, arratsaldeko ekitaldian ere omenduko dira euskara batuaren sustatzaileak.

Egitaraua

10:45 Giza kateari hasiera emateko ekitaldia egingo da Agirre Lehendakaria plazan, Errenterian.

11:00-11:30 Giza katea osatuko dute.

11:30-12:00 Parte-hartzaileak 5 bilguneetarantz mugituko dira.

12:00-12:30 Ekimenari amaiera emateko, giza kateko bidearen 5 guneetan ekitalditxoak egingo dira. Errenterian, Pasaian, eta Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Plaza Berrian.

15:00 Euskaltzaindiako kideek Orereta ikastola bisitatuko dute.

17:30 Ekitaldi instituzionala Errenteriako Udalaren Pleno Aretoan.