Errenteriako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana onartu da, 2023-2031 marko estrategikoa definitzen duena

• Planak 5 ardatz, 17 helburu eta 305 ekintza jasotzen ditu

• Plana diseinatzen 60 emakume inguruk eta Berdintasun Kontseiluak parte hartu dute eta Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztien oniritzia jaso du

Aurrekariak

2007an egin zen lehenengoz diagnostikoa eta hartan oinarrituta diseinatu zuten 2008-2012 indarraldia izan zuen Errenteriako Berdintasunerako I. Plana.

Honen indarraldia amaitzean ebaluatu eta berria diseinatu zuten; Berdintasunerako II. Planak 2013-2016 indarraldia izan zuen.

2016an, baina, II. Berdintasun planaren luzapena onartzea erabaki zen, Emakumeen etxearen diseinuaren prozesuari bide emateko. Horrela, 2019an ireki zituen ateak Errenteriako Emakumeen Etxeak eta tresna berri honek eskainitako informazio eta baliabide berrituetan oinarrituta, 2020an ekin zion Udalak Errenteriako III. Berdintasun Plana diseinatzeari.

Errenteriako III. Berdintasun Planaren ezaugarri nagusiak

Planak 8 printzipio gidari ditu oinarritzat, ekintza-planaren marko filosofikoa osatzen dutenak:

– Paradigma feminista

– Intersekzionalitatea

– Emakumeen ahalduntzea

– Gobernantza partekatua

– Arreta integrala, inklusiboa eta erreparatzailea

– Zaintza erdigunean

– Herri-kohesioa eta bizigarritasuna

– Memoria eta aitortza

Zentzu berean, 4 berme nagusi, planaren lurzoru direnak:

– Berdintasunerako politikak begirada feministarekin garatzeko konpromiso politikoa.

– Berdintasunerako politikak garatzeko beharrezko baliabideak ezartzea.

– Udal-departamentu guztien konpromisoa eta erantzukidetasuna Berdintasunerako Plana aurrera eramateko.

– Berdintasunerako politikak eragile sozialekin eta herritarrekin partekatuta diseinatzea.

Planaren mamia, bestetik, 5 ardatzek osatzen dute:

1. Ardatza: Gobernu ona: 7 helmuga, 14 ibilbide eta 57 urrats konkreturekin.

2. Ardatza: Emakumeen ahalduntzea: 4 helmuga, 11 ibilbide eta 60 urrats konkreturekin.

3. Ardatza: Zaintza-lanen ekonomia feminista: 2 helmuga, 5 ibilbide eta 17 urrats konkreturekin.

4. Ardatza: Ekonomia eraldatzea: helmuga 1, 4 ibilbide eta 11 urrats konkreturekin.

5. Ardatza: Indarkeria matxistarik gabeko herria: 3 helmuga, 11 ibilbide eta 45 urrats konkreturekin.

Prozesuen garrantzia

III. Berdintasunerako Plana osatzeko lau prozesu abiatu dira, arlo bakoitzean adituak ziren aholkularitzen laguntzarekin gauzatu direnak eta gaietan sakontzea ahalbidetu digutenak.

Hiru urteko lan-prozesua izan da, eta funtsezkoa izan da Berdintasun Kontseiluaren, udal-sailen eta ordezkaritza politikoaren parte-hartzea orain arte egindakoa ebaluatzeko, diagnostikoa berritzeko eta onartu berri den ekintza-plana osatzeko.

Horrela, 2020ko martxoan II. Plana ebaluatzeko, diagnostikoa eguneratzeko eta III. Plana osatzeko prozesua abiatu zen. Eta prozesua abiatzearekin bat, ardatzen lanketa eta berauen onarpena aktibatu ziren:

• 2021ko maiatzaren 4an egindako Tokiko Gobernu Batzarrean indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatza onartu zen.

• 2022ko azaroaren 29an egindako Tokiko Gobernu Batzarrean gobernu ona ardatza onartu zen.

• Era berean, 2021. eta 2022. urteetan zehar Bizimodu eramangarria erdigunean jartzea eta emakumeen ahalduntzea ardatzen ebaluaziorako lanak, egoeraren diagnostikoaren eguneraketa eta III. Berdintasun Planaren zaintza-lanen ekonomia feminista, ekonomia feminista eta emakumeen ahalduntzea ardatzen lanketak burutu dira.

Azkenik, ardatz guztien lanketetan oinarrituta 2023ko martxoaren 21ean egindako Tokiko Gobernu Batzarrean Errenteriako Emakume eta Gizonen arteko III. Berdintasunerako Plana 2023-2031 onartu da.

Emakunderen gomendioak

2023ko otsailaren 2an Errenteriako Udalak Errenteriako Emakume eta Gizonen arteko III. Berdintasunerako Plana 2023-2031 Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundera bidali zuen txostena egin zezan.

2023ko otsailaren 24an Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen txostena jaso eta bertan egindako gomendioak jaso dira. Hau da, Planaren iraunaldia egokitu da, 2023ko aurrekontua txertatu da, erakunde arteko koordinazio-egiturak zehaztu dira, Berdintasuna bultzatzeko departamentuan lanean ari direnen prestakuntza zehaztu da eta prozesuaren nondik norakoak definitu dira.

Plana, dagoeneko martxan

2021eko maiatzean lehen ardatza onartuz geroztik, planean jasota dauden zenbait proiektu martxan jarri dira. Besteak beste:

Indarkeria matxistarik gabeko herria ardatzean: jaien testuinguruan sentsibilizazioa lantzea erasoak gertatu daitezen prebenitzeko; edota, indarkeria bizi duten emakumeei laguntzeko herritarrez osatutako akonpainamendu sarea sortzea.

Ekonomia eraldatzea ardatzean: Errenteriako biztanleen arteko errenta erabilgarriaren arrakala murriztea helburu duen lehen azterketa egin izana, genero ikuspegitik.

Zaintza-lanen ekonomia feminista ardatzean: zaintza-lanetan diharduten emakumeen lan-baldintzak hobetzeko 60 doako formazio eskaini izana, bitartekaritza zerbitzua berritu izana eta zaintzaileen eskubide eta betebeharren gida sortu eta eskuragarri jarri izana.

Plana esteka honetan deskargatu daiteke.