Uztargi eta Goialde haurreskola publikoek 2022 eta 2023an jaiotako haurren matrikulazio kanpaina hasiko dute

• Haurreskola publikoek berrikuntza garrantzitsuak izango dituzte datorren ikasturtean, hala nola doakotasuna haur guztientzat, edo gutxieneko bertaratzea eskatzea
• Uztargi eta Goialde haurreskolek ate irekien jardunaldiak egingo dituzte asteazken honetan, martxoak 29

Uztargi eta Goialde Haurreskola publikoetan 2023-2024 ikasturterako matrikulazio epea 2023ko apirilaren 24tik maiatzaren 16ra arte izango da zabalik eta izen-ematea epe horretan egin ahal izango da, baina aurretik ateak zabalik izango dituzte bi haurreskolek instalazioak eta bertako hezitzaile eta langileak ezagutu nahi dituzten familientzat.

Haurreskola publikoen zerbitzuak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu 2023-2024 ikasturtean, hala nola erabiltzaile guztientzako doakotasuna, hileko % 80ko gutxieneko bertaratze-eskakizuna, edo ordutegiak, ikastetxeetan bertan jakinaraziko direnak.

Ate irekien jardunaldia: martxoaren 29an

Aurretiazko hitzordua eskatu beharko da bi kasuetan ondorengo telefono zenbakietara deituaz;

– UZTARGI: 943 512 216

– GOIALDE: 943 520 762

Izen-ematea burutzeko bi modu egongo dira:

– Telematikoa: apirilaren 24tik maiatzaren 16ra (biak barne) www.haurreskolak.eus  helbidean.

– Presentziala (haurreskoletan): apirilaren 24tik maiatzaren 16ra, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

2022ean eta 2023an jaio diren haurren etxeetara bidaliko du gutuna Udalak, familiek Uztargi eta Goialde haurreskolen eskaintza zuzenean ezagutu dezaten.
Era berean, Errenteriako Udalak gogorarazi nahi du Errenterian hezkuntza eskaintza zabala eta anitza dagoela 0-2 adin-tartean ere. Aniztasun horrek ekosistema aberatsa eskaintzen du hezkuntzaren eremuan, familiaren eta haurraren beharretara ondoen egokituko den eskaintza hautatzeko aukera eskainiz.

Ondorioz, Errenteriako Udalak hautu hori herriko haurreskoletan egitera eta D eredua lehenestera gonbidatu nahi ditu familiak eta balorean jarri nahi du haurreskolek jendartean betetzen duten funtzio hezitzaile eta soziala; zaintza garapen pertsonal eta sozialaren erdigunean jarriz.

Goialde eta Uztargi haurreskolen ezaugarriak

Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioen arabera, 0-1 urteko gelan zortzi haur dituzte gehienez, eta 1-2 urtekoen gelan berriz, hamahiru. Uztargin zein Goialden bi hezitzaile daude etengabe haurrekin, eta hezitzaile horiek dira haurrei jaten eman eta haurrak lotarazten dituztenak.

Goialde Haurreskolan 2 gela daude, eta etxeko giroa, familiartekoa, bermatzen da. Gurasoek gainera ez dute haurra haurreskolara eramateko presaka ibili behar, aparkatzeko arazorik ez dagoelako. Hezitzaileek etengabe formakuntza jasotzen dute, eta haur bakoitzaren mugimendu librea errespetatzen da.

Uztargik 5 gela handi eta belarguneak ditu. Sukaldaria bertan dute eguneroko haurren bazkaria prestatzeko, eta janari ekologikoa eskaintzen dute bertan.