LGTBIQ+ pertsonen ahalduntzerako espazioa martxan jarriko da

Errenteriako Udalak, LGTBIQ+ pertsonen eta haien hurbilekoen ahalduntzea sustatzeko, sexu eta genero aniztasunari buruzko informazioa, orientazioa, aholkularitza eta akonpainamendua eskaintzen dituen espazioa eratu du.

Honela, ErreferenteEKIN, Errenteriako LGTBI biztanleriaren errealitateen diagnostikoa abiapuntu izanik eta LGTBIQ+ politiken aldeko konpromisoa sendotuz, Errenteriako LGTBIQ+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko urrats bat eman nahi da. Hain zuzen ere, ekintza-planean zehaztu gisan, LGTBIQ+ komunitatearen bizitzak eta esperientziak bizigarriago bihurtzeko pausoa izango da honakoa, LGTBIQ+ pertsonen bizi baldintza sozialak, materialak eta emozionalak bermatzeko.

Gauzak horrela, espazio honetara bertaratzeko aukera izango du 14 urtetik gorako LGTBIQ+ pertsona edo haien hurbileko pertsona orok. Bertan, genero-identitatea, genero-adierazpena eta sexu-orientazioa sentitzeko, ulertzeko, bizitzeko eta adierazteko dauden askotariko moduak aintzat hartuz eta betiere, ahalduntzea xede nagusia izanik, banakako eta taldeko arreta eskainiko dira era konfidentzial eta doakoan.

Horretarako, aurretiaz hitzordua eskatu beharko da, 943 449 576 telefonora deituz edo lgtbiespazioa@errenteria.eus helbide elektronikora idatziz. Gunea, apirilaren 18tik aurrera, Merkatuzar eraikineko balio anitzeko gelan (goiko kalea, 1) kokatuko da, astearteetan, arratsaldeko 18:30etik 20:30era.

Beraz, sexu eta genero aniztasunari loturiko gaietan zalantzak dituen edo laguntza behar duen edota LGTBIQ+ pertsonen eta haien hurbileko pertsonen topagune batean parte hartu nahi duen nornahi bertaratu daiteke espazio honetara.

LGTBIQ+ pertsonen ahalduntzerako espazioaren inguruko informazio guztia esteka honetan dago eskuragarri.

Aholku Kontseilua eratze bidean

Zerbitzu berri honez harago, ekintza-planean jasotako beste ekintza garrantzitsuetako bat da LGTBIQ+ politikak berariaz landuko dituen Aholku Kontseilu baten sorrera.

Kontseiluaren arautegiak otsaileko Udalbatzan jaso zuen lehen oniritzia eta momentu honetan herritarren ekarpenak jasotzeko prozesu irekian dago dokumentua.

Datozen hilabeteotan, legeak ezartzen dituen tramiteak amaitzerakoan, Kontseilu berria eratzeko moduan izango da Udala, herritarrekin eta politikok lantzeko interesa duten eragileekin elkarlanean jarduteko esparru ezinbestekoa.