Saharar haurrek uda Errenterian igaro dezaten ‘Oporrak Bakean’ programan parte hartzeko epea zabalik dago apirilaren 23ra arte

Uda honetan saharar haur baten harrera familia izateko ‘Oporrak bakean’ programan izena emateko epea zabalik dago apirilaren 23a arte.

‘Oporrak Bakean’ programaren bidez, Argeliako saharar errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren hainbat haurrek uda Errenterian igarotzeko aukera izango dute.

Tindufeko kanpamenduan bizi diren haurrek errebisio medikuak behar dituzte eta, besteak beste, udan bero handia egiten du bertan.

Urteak dira euskal familien bidez harrera eta sostengu politikoa ematen dela. Aurten ere 8 eta 9 urte bitartekoak lehen aldiz etortzeko aukera izango dute, eta horretarako harrera familiak behar dira konpromiso eta ardura irmo baten bidez udan zehar arreta eta harrera eskaintzeko.

Antolaketa honen atzean Sahara Euskadi, Fronte Polisarioa eta Oporrak Bakean lan taldea daude, hain juxtu, haurra iritsi aurretik eta bitartean nahiz ondoren, ekimen, ekintza eta gestio desberdinez arduratzen dena. Gogoratu beharra dago 1979an sortu zela proiektu hau, 1976tik saharar herria zatikatua aurkitzen dela, eta Euskal Herrian martxan jarri zen programa elikadura zein osasun-kontuetan laguntzeko.

Interesa izanez gero, familiek 605 713 692 telefono zenbakira deitu edo sahara_oiartzun@hotmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.