Errenterian kokatua dagoen etxe barruko langileei zuzenduriko aholkularitza zerbitzua aurkeztu zuten atzo, prentsaurrekoan, eta orain arte artaturikoen inguruko datuak mahai gainean jarri.

Bertan izan ziren proiektuaren beraren teknikariak Tatiana Bellorin eta Marling Castillo, eta Jose Ramon Gurrutxaga Errenteriako Udaleko Kultur Aniztasuneko zinegotzi ordezkaria. Izan ere, Udalak jada 3 urtez dirulaguntza zuzena ematen diola proiektuari.
SOS Arrazakeria Gipuzkoak hamar urte daramatza Gipuzkoan atzerriko etxeko langileei doako lan-aholkularitza eskaintzen. 2020. urtetik 2022. urtera bitartean, sektorean lanean ari diren 841 emakumeri eman die arreta, eta zerbitzuaren eskaera nabarmen handitu da: %29,32 azken urtean.
2022an zerbitzuaren datu garrantzitsuenak eta ondorio nagusiak azaldu dituzte. Zerbitzura jotzen duten langileen profilaren berri eman dute. Latinoamerikako emakumeak dira nagusi etxeko lanaren sektorean, eta ia guztiak pasa direla bulegotik esan du Bellorinek, “horien artean, Nikaragua eta Honduraskoak dira nagusi, eta ondoren kolonbiar jatorrikoak”.
Izan ere, nahiz eta azken urtean hobekuntza nabarmenak egin diren sektore legegilean, bulegotik pasatu ziren barneko langileek 58,65 orduko batez besteko lana egiten dute. Astean sei gau ematen dituzte etxeetan, 1.065,49 €-ko batez besteko hileko soldata gordinaren truke. Alegia, LGSk ezarritakoa baino %40,79 gutxiago.
Jose Ramon Gurrutxaga Kultura Aniztasun zinegotziak adierazi du du hiru urte direla SOS Arrazakeria elkartearekin dirulaguntza zuzena ematen diola Udalak proiektua gara dezaten. “Errealitatea denok ezagutzen dugu, baina ezinbestekoa da ikusgarri egitea, agerian jartzea. Argazkia garbiago ikusten da datuekin, eta argi dago sentsibilizazio lana ezinbestekoa da”
Horregatik, erakundeak zerbitzuaren garrantzia eta beharra aldarrikatzen jarraitzen du, eta kontrol-mekanismo publikoen urritasuna, langileek beren eskubideak defendatzeko behar duten informazio eta baliabide falta eta etxeko lanetan lan egiten duten emakumeek jasaten duten tratu txarra eta sexu-jazarpena salatzen. Bide batez, gogoratu nahi izan dute, gaur, martxoaren 30a, Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna izango dela. Hori dela-eta, apirilaren 1an, etxeko langile diren emakumeen Gipuzkoako lehen batzarra egingo dute. Errenteriako SOS Arrazakeriaren egoitzan ospatuko da batzarra, 15:30ean hasita, eta emakume guztiak deitu dituzte parte hartzera.