Udalak Koldo Mitxelena ikastetxearen Markola eraikineko patioaren estalkia amaitu du

Errenteriako Udalak, Hezkuntza komunitateko kideekin, Agustinetako bizilagunekin eta Auzko Elkarteko kideekin batera, Agustinak auzoko Koldo Mitxelena ikastetxearen Markola eraikineko patioaren estalki berria aurkeztu du.

2019-2023 Legegintzaldiko Planean aurreikusitako estalki berri horrek jarraipena ematen die 2020 urtean eraikinean egindako hobekuntzei, eta 2014 urtean hasitako eskola-patioak estaltzeko estrategiari gehitzen zaio; izan ere, orain arte egindako handiena da.

Joko-eremua estaltzeak aukera emango du eskolak, kirol- eta jolas-jarduerak eta kultura-ekitaldiak aire zabalean garatzeko, eguraldi txarra egiten duenean ere.
Markola ikastetxeak hezkuntza-eremu duinagoa izango du aurrerantzean, eta eskola-orduetan lehentasuna emango zaio ikasleen erabilerari.

Aldi berean, Agustinetako bizilagunek ere gune publiko estali bat irabaziko dute, non beste jarduera batzuk programatu ahal izango diren, eskolari zentraltasuna emanez Agustinak auzoan eta auzokideen arteko topagunea izanik.

Estalkia eraikitzeak 696.954,13 euroko kostua izan du; horietatik 342.954,63 euro Errenteriako Udalak jarri ditu eta 353.999,5 euro Eusko Jaurlaritzak.

Azkenik, Udalak eskerrak eman ditu obrek iraun duten bitartean ikastetxeak, ikasleek, familiek eta auzotarrek izandako jarrera ulerkorra eta lankidetza.