Errenteriako Nordic Walkingeko lehenengo ibilbide homologatua aurkeztu dute

Argazkian: Urdaburu Mendizaleen elkarteko kideak eta Maite Gartzia, Kiroletako zinegotzia

Udalak eta Urdaburu Mendizaleen Elkarteak Errenteriako Ipar Martxa edo Nordic Walkingeko lehenengo ibilbide homologatua aurkeztu du, jabetuta bere onurez eta kirol horretan jende asko aritzen dela. Gipuzkoako Mendi Federazioak homologatutako SL-GI 56 ibilbidea da.

9,5 km-ko ibilbide hau Errenteriako auzoetatik igarotzen da, parkeak lotuz, eta Urdaburu Mendi Klubak diseinatu du, bereziki Ipar Martxa egiteko kirol-instalazio gisa. Hiri-ibilbide hau, oztoporik gabea eta inklusiboa, maila guztietako kirolariei zuzenduta dago eta udalerriko kirol eskaintzari gehitzen zaio. Urte osoan zehar gozatzeko moduko ibilbidea da.

Irteera Iztieta pasealekutik da. Bertan, oinezkoentzako zubiaren ondoan, informazio guztia biltzen duen panel bat dago. Ibilbidea 6 gezirekin eta 3 zutoinekin seinalatuta dago, bidearen bereizgarriaz gain, hau da, bi marra, bata berdea eta bestea zuria.

Udaletik ibilbide berri honetaz gozatzera animatu dituzte herritar guztiak, “kirola osasuna dela” uste baitute.