Gerakineko 4,6 milioi euro proiektu estrategikoak zein berriak bultzatzeko

Argazkian, ezkerretik eskubira: Maite Gartzia, alkateordea, Aizpea Otaegi, alkatea, eta Eneko del Amo, Hirigintza zinegotzia
  • Ingurumena, kirolak, tokiko ekonomia eta garraio publikoarekin zerikusia duten proiektuak bultzatuko dira batez ere

2022ko kontuak ixtearekin batera gerakinaren zenbatekoa ezagutu du Udalak, hau da, aurreko ekitaldiko gastu eta sarreren arteko diferentzia, gastatu ez dena. 4,6 milioi euroko gerakina da, eta horrek hainbat proiektu estrategiko bultzatzeko balioko du.

2023a 63 milioi euroko aurrekontuarekin abiatu zuen Udalak eta orain, gerakineko dirua gehituta, 67,6 milioi euro izango ditu 2023an exekutatzeko.

Aurrekontuan jasotzen ez diren proiektu berriak bultzatzeko aukera

4,6 milioi euro horiek ahalbidetuko dute batzordeetan gardentasunez aurkeztu diren proiektuak bultzatzea. Besteak beste:

– Barandiaran parkean deskontaminazio lanetan jarraitu nahi da. Horretarako 150.000 € gehituko dute partidan parkea errealitate bihurtzeko pausuak azkartuz.

-Kirol ekipamenduen egokitze eta mantentze lanak estrategikoak dira Udalarentzat, eta horregatik Fanderiako kirol gunean bi interbentzio garrantzitsu egiteko jarri da dirua:

– Fanderiako igerilekuaren estalpe berria. Hori egiteko 720.000 euroko inbertsioa aurreikusi da. Horietatik 300.000 euro 2023an aurreikusi dira, eta plenotik pasa zen konpromiso kreditu gisa beste 420.000 € 2024 urterako.

– Fanderiako pilotalekuak dituen hezetasun arazoei aurre egiteko 80.000 euroko ekarpena zoruan interbentzio bat egiteko.

– Herri mailako garraio publikoa indartzeko 220.000 euro. Besteak beste, linea berri batzuk martxan jarriko dira herriko txoko guztietara garraio publikoa irits dadin eta egungo linea batzuetan maiztasuna handitu egingo da. Hartara, herritarren eskakizunei erantzun egoki bat emango zaie. Datorren astean emango du Udalak aldaketa horien berri.

– Bestalde, Agustinetako lanbide sortzaileen poloa eraikineko obrak oso aurreratuta daude eta obra bukatzearekin batera proiektua abiatu nahi du Udalak. Horretarako proiektuaren kudeatzailea hautatzeko prozesu bat jarriko du abian. Kasu honetan, 60.000 euroko diru partida sortu da kudeatzailea lanean lehenbailehen has dadin.

– Udaleko langileei ordainduko zaien produktibitatea. Kasu honetan, 920.000 euro aurreikusi dira langileei ordainduko zaien produktibitateari aurre egiteko.