‘Barraskiloa eta balea’ filma ikusteko aukera egongo da igandean, egokituriko zinema saioan

Igandean, maiatzaren 7an, goizeko 11:00etan, Bizitu familia-zinema egokituko ekimenaren saio berri bat eskainiko dute Niessen Kulturguneko auditorioan, Juneren Hegoak eta Mindara elkarteek antolatuta. ‘Barraskiloa eta balea’ filma euskaraz proiektatuko da. Sarrera doakoa da, baina edukiera mugatua du eta eserlekua erreserbatu behar da sarrerak.errenteria.eus webgunearen bidez.

Atzo egin zuten Bizitu-ren saio hau aurkezteko prentsaurrekoa, eta bertan izan ziren: Maite Gartzia, Kultura zinegotzia; Nagore Portugal, Ozzinematik; Arrate Aleman eta Usoa Martínez, Mindaratik; Onintze Aguirre, ekimenaren sortzailea, eta Beatriz Martín eta Yolanda Martín, Juneren Hegoaketik. Hedabideekin egindako topaketan adierazi zutenez, azken saioetan bezala, Eskuaire elkarteak aldi bereko itzulpena eskainiko du zeinu hizkuntzan.

Bizitu Zinema proiektua 2017an sortu zen, kultura-espazioek beharrizan bereziak dituzten adingabeen familientzako aisia (batez ere zinema-aretoentzako) – eta kultura-eskaintza eskuratzeari dagokionez zituzten zailtasunak ikusi ondoren. “Bizitu-k zinemaren esperientzia publiko guztiengana hurbildu nahi du, haien arteko desberdintasunak errespetatuz, giro ludikoa sortuz eta, batez ere, Juneren Hegoak eta Mindara elkarteetako kide diren txiki batzuen behar espezifikoei erantzunez”, adierazi dute antolatzaileek.

Horregatik, ikusle guztientzako film bat eskaintzeaz gain, saioan, adibidez, film hori komentatu ahal izango da, argiak piztuta eduki ahal izango dira, eserlekuetatik mugitu ahal izango da beharrezkoa izanez gero, espazioa parte-hartzaileen erosotasunerako prestatuko da eta bolumena zinema-aretoetan ohikoa dena baino baxuagoa jarriz egokituko da, besteak beste, zinema dibertsitate funtzionala duten txikien errealitatera egokituz, esperientzia hori beste haur eta familia batzuekin partekatu ahal izan dezaten.