Lorategi Geologiko berria abian da Lartzabal auzoan

Duela gutxi amaitu dira “Lorategi Geologikoa” izeneko geologia-interpretaziorako eremua egokitzeko lanak, Oiartzun ibaiaren eskuineko ertzean, Schorndorf Parkearen ondoan.

Jarduketa hau Oiartzun ibaiaren inguruko Paisaiaren Ekintza-Planean (2015-2025) jasota dago. Udalak onartutako plan honek Fanderia eta Iztieta arteko ibai-eremua birnaturalizatzeko eta ingurumena zein hirigintza lehengoratzea du helburua. Aire zabaleko museo honen garapenerako Oiartzungo Luberri Geologia Museoaren laguntza izan da. Gainera, Pasaiako eta Oiartzungo Udalek erakusketa iraunkor honetarako harri ugari doan eman dituzte.

Gure planeta duela 4.600 milioi urte sortu zela kontuan izanik, geologia-eremu honek tona bat inguruko 12 arroka handi biltzen ditu. Garai ezberdinetakoak dira eta kronologikoki kokatuta daude. Ikusgai dauden arroka zaharrenak, arbelak, karbonifero izeneko periodokoak dira (360 milioi urte), Oiartzun ibaiaren arroko eta EAE osoko zaharrenak izanik. Aleen artean, granitoa, konglomeratuak, hareharriak eta kareharriak bezalako arrokak nabarmentzen dira, eta horietako batzuetan fosil fauna ikus daiteke.

Informazio-paneletan Oarsoaldea eskualdeko mineralogiari eta bere sorrerari buruzko azalpen grafiko eta praktikoak jaso dira (Arditurri, Pikoketa, Jaizkibel, Arkale, Karrika, Aizpitarte, Artxipi, Txoritokieta, …). Horrekin batera, natura-baliabide hauek mendeetan izan duten erabilera ere biltzen dute: ongarria, eraikuntza, industria, … Azkenik, informazioa lagungarria da EAEko Inbentarioan Oiartzun ibaiaren arroak itsasoratu arte biltzen dituen zortzi Interes Geologikoko Leku (IGL) kokatzeko.