Juneren Hegoak elkartearen aldeko kontzertu solidarioa eskainiko dute Garrintzi eta Kontari Landarbaso abesbatzek ostiralean

Kontzertuaren arukezpenean egon dira: Josetxo Oliberi Garrintzi Abesbatzako zuzendaria, Amaia Tolaretxipi Juneren Hegoak elkartearen ordezkaria, eta Maddalen Dorronsoro, Landarbaso Kontari Abesbatzako zuzendaria.

Aurten Garrintzi Abesbatzak 50 urte beteko ditu eta Juneren Hegoak elkarteak, 10. Ospakizun bikoitz honen testuinguruan, Landarbaso Kontari abesbatzarekin batera, kontzertu solidarioa antolatu dute ostiral honetan, maiatzaren 12an, 19:30ean, Fatimako elizan.

Kontzertua bi zatitan banatuko da, lehenengoak bost abesti ezagun izango ditu eta Garrintzi abesbatzak interpretatuko ditu. Ondoren, Juneren Hegoak elkarteak bere helburu nagusien eta ibilbidearen aurkezpen laburra egingo du.

Bigarren zatian, Carlos Alberto Irigaray uruguaitar musikariaren ‘Navidad Criolla’ abestuko dute elkarrekin Garrintzi eta Kontari Landarbaso abesbatzek. Instrumentuzko laukote batek lagunduko ditu abesbatzak, kontzertu honetarako espreski sortutakoa: Miren Etxebeste teklatuan, Andrea Nicolás gitarran, Maitane Crespo akordeoian eta Iñaki Letamendia perkusioan.

Aurkezpenean, Josetxo Oliberi Garrintzi Abesbatzako zuzendariak azaldu du ‘Navidad Criolla’ obra alaia eta berezia dela, musika folkloriko kreolaren adierazgarri.

Sarrerak hiru euroan daude salgai sarrerak.errenteria.eus webgunean edo kontzertua hasi baino ordubete lehenago Fatima elizaren atarian, eta bildutako diru guztia Juneren Hegoak elkartearentzat izango da.