‘Errenterian 11 Kolore’ jardunaldien VIII. edizioa izango da maiatzaren 15tik 21era

Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira, herriko aniztasunaren balioa nabarmendu eta ospatu nahi du Udalak herritarroi programazio zabala eskainiz ‘Errenterian 11 Kolore’ jardunaldien VIII edizioan.

Jardunaldiei hasiera emateko, ‘11 Hizkuntza’ jardueraren bidez aitorpen berezia egin nahi izan diote hizkuntza aniztasunari; hala, ikuslea gai horren inguruan hausnartzera bultzatuko duen ‘Aquí seguimos’ dokumentala proiektatuko dute, joan den urtean herriko Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren I Jaialdian saritua izan zena. Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo da Álvaro Hernández zuzendariarekin eta Garabide Elkartearekin batera gaiaren inguruan gogoeta egiteko. Maiatzaren 15ean izango da, astelehena, 18:00etan Xenpelar Etxeko 1. solairuan.

Garabide hizkuntza kooperazioan lan egiten duen elkartea izanik, eta hizkuntza gutxituak berpizten lan egiten duenez, aitorpen honen parte izatea nahi izan dute antolatzaileek. Hortaz, elkarte horren ‘Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen’ erakusketa ikusgai egongo da aste osoan zehar, astelehenetik larunbatera. Erakusketak bioaniztasunaren eta hizkuntza aniztasunaren arteko harremana irudikatzen du, eta herri indigenetara hurbiltzea du helburu.

Maiatzaren 15etik 20ra ikusi ahal izango da, 17:00etatik 20:00etara, Xenpelar Etxeko 1. solairuan.

Horretaz gain, sorkuntza eta migrazioaren inguruan hausnartzeko aukera izango dugu Luisa Etxenike idazle donostiarrarekin eta Sihara Nuño poeta mexikarrarekin solasean, 17an, asteazkenean, 18:00etan, Lekuona Fabrikako Plaza Berdean.

Bestalde, bi ekimen egingo dira perutarren komunitatera hurbiltzeko.

Alde batetik, ‘Hatun Warmikuna’ (emakume boteretsuak) dokumentala ikusteko aukera egongo da, Oarsoaldean bizi diren 3 emakume perutarren ingurukoa. Ondoren, solasaldia izango da protagonistekin eta zuzendariarekin; Rosario Cornejo Vidal margolaria da dokumentalaren protagonistetako bat, eta haren kolonaurreko margolanak ikusteko aukera ere izango da, hilaren 16an, asteartea, 18:00etan, Xenpelar Etxeko 1. solairuan.

Bestetik, ostegunean, ‘Peru anitza’ kulturarteko topaketan, perutar kulturan murgiltzeko askotariko jarduerak egingo dira, 17:30etik aurrera Txintxarri elkartearen sarreran: 17:30ean ceviche tailerra (izena eman behar da*) eta 18:30ean pintxo dastaketa irekia Apu Mar jatetxe perutarraren eskutik; musika Rony Aching perkusionistak jarriko du eta dantzak egongo dira (Zumardian).

Halaber, gastronomia kontuei eutsiz, ostiralean hilak 19an, ‘Familia Lagunekin su artean: Nahastu, sukaldatu eta dastatu’ jarduera izango da, 17:30ean Niessen Elkarte Gastronomikoan (izena eman behar da*).

Era berean, ostiral horretan bertan hasiko da ‘11 Zapore’, urtero arrakasta handiz egiten den ekimena. Aurten, berritasun gisa, zaporeetatik haratago joan eta zentzumen guztien bidez gozatu ahal izango da. Taberna eta jatetxeek igandera arte, hilak 21era arte, egingo dute eskaintza.

Horrekin batera, hilaren 19an, ostiralean, herria munduko musikekin girotuko du Burubeltzen bizikletak.

Gainera, txikienek Munduko ipuinak entzuteko aukera izango dute saio berezi batean, larunbatean, Lekuona Fabrikako Plaza Txikian 12:30etik 13:05era, Lur Korta ipuin kontalariaren eskutik (izena eman behar da*).

Igandean, maiatzak 21, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko eta era berean egitarauari itxiera emateko, Burubeltz Konpartsaren Kalejira Koloretsuak herria kolorez eta musikaz beteko du, Batukada Feministarekin eta Senegalgo Mlomp Elkartearekin batera. 12:00etan irtengo dira Alaberga plazatik, eta erdigunea zeharkatuko dute.

Honekin guztiarekin batera, herria kolore anitzez jantzi dute gaztelekuetako gazteek eta ikastetxeetako ikasleek sortu dituzten apaingarriekin. Guztira 2000 gazte eta haur baino gehiago aritu dira apaingarriak egiten.

Askok eta askok egin dute kultura-aniztasunaren aldeko apustua eta 11 kolorez jantzi dituzte euren lokalak; tartean dira Errenkoalde elkarteko dendak, Ostari elkartea, eta taberna eta jatetxeak, guztira 50 bat. Apaintzeaz gain, aniztasunaren alde egiten duten apustuaren adierazgarri, Burubeltzen pegatina ere itsatsiko dute euren lokaletan.

Antolatzaileek parte hartu izana eskertu diete bai jada aipatutako guztiei, eta baita horiekin batera, jai hau ahalbidetu duten beste eragile eta elkarte batzuei ere: gaztelekuak eta ikastetxeak, Garabide Elkartea, Mikelazulo Elkartea, Ozzinema Elkartea, Txintxarri Elkartea, Niessen Elkarte Gastronomikoa, Zikliko Koop., Elkarrekin Koop. Txikia, Burubeltz Konpartsa, Batukada Feminista, Asociación Cultural Mlomp eta Alabergako Auzo Elkartea.

Informazio gehiago eta izen-emateak

Informazio guztia webgune honetan dago eskuragarri.

Gainera, programa osoa biltzen duten liburuxkak eta kartelak zabaldu dira herriko hainbat gunetan.

Ekintza guztiak doakoak dira, baina batzuetan beharrezkoa da izena ematea:

Telefonoz: 943 44 95 96

Whatsapp-ez: 662 944 626

Emailez: aniztasuna@errenteria.eus