Berritasunez beteta dator udaberria Xenpelar Bertso Eskolan

Hurrengo lau urtetarako bertsolaritza eskolak emateko udal esleipena lortu berritan, irudi eta egoitza aldaketa ez ezik, berritasun gehiago ere badakartza Xenpelar Bertso Eskolak, betiere ere 36 urtetan jarraitutako norabideari eutsita.

Hiru oinarri ditu Xenpelarrek hartutako bide berriak. Lehenik eta behin, egoitzaz aldatu du, Joxepa Antoni Aranberri Anitzeneara joz, 15 bat urtez aterpe izan duen Oarso eraikinetik. Hain zuzen, apirilaren 17an hasi dira eskolak Madalen kaleko egoitza berrian ematen.

Anitzenean auzolagun izango ditu, Badalab sortu berri den hizkuntz laborategiaz gain, Oarso eraikinean bizilagun zituen Sos Arrazakeria eta Lau Haizetara euskara elkartea. Lau Haizetarari dagokionez, bizilagun ez ezik bidaide ere izan du orain artean.

Bigarrenik, Xenpelar Bertso Eskolak izaera propioa hartuta, elkarte bezala sortu eta Lau Haizetararen parte izateari utzi dio. Azken urtetan bertso eskolak harturiko dimentsioak eraman ditu bide berriak urratzera, eskolaren bilakaeran beste urrats bat emanez. Hala eta guztiz ere, harremana ez da etengo, eta elkartearen urte luzeetako babesetik atera bada ere, bidelagun eta auzolankide izaten jarraituko dute bertso eskolak eta euskara elkarteak.

Urrats berri horiek irudikatzen ditu hirugarren berritasunak: Sortzetik bertso eskolari irudia eman dion logoa gaurkotu egin du Ibai Maritxalar herriko artistak. Berak sortu zuen, duela 25 urte, bertso eskolaren logoa, eta orain XXI. mendera ekarri du, eskolaren nortasun berrituaren ispilu izan dadin. Maritxalarrek egindako proposamen plastikoari Eneko Salaberria disenatzaileak eman dio forma. Indarra eta dotorezia ematen dion kolore zuri-beltzekin, Oteitzak Arantzazurako egindako apostoluei keinua ere egiten die irudi berriak.

Eskolak azkenaldian hartutako dimentsioa ikusita, logoa beharrezko aldaketa gisa ikusi dute, egun, adin guztietako ehun ikasleren bueltan dabiltza eta. Ugaritasunari baino, aniztasunari erreparatu diote eskolako arduradunek. Izan ere, aurten, lehen aldiz, Errenteriako ikastetxe guztietako ikasleen
presentzia dute klaseetan.

Datu hauek bertso eskolaren helburuak eta lanaren emaitza direla azpimarratu du Aitor Albisturrek, bertso eskolako lehendakariak: “Euskara sustatzea eta herrian eragitea da gure helburua. Hizkuntza eta komunikazioa lantzea, herritik, herritarrekin eta herritarrentzat”.

Urteetan Lau Haizetara Euskara Elkartearen abaroak eta bertso eskolako aitzindarien lan eskergak emandakoaren bidetik jarraituko du aurrerantzean bertso eskolak. Iragana berme eta oinarri, orainari gogotsu heldu dio, geroa ilusioz hartzeko.