ERRENTERIAKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA KULTUR ANIZTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA

2001eko azaroaren 2an Aniztasun Kulturalari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala onartua izan zen aho batez, kulturen arteko elkarrizketa bakearen bermerik onena delako uste osoarekin. Adierazpen horretan, besteak beste, aniztasun kulturala “herritarron ondare amankomun”tzat balioetsi zen.

2023ko Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna baliatuz, Errenteriako Udalak herrian bizi diren hizkuntza eta kultura guztien eta haien eramaile diren pertsonekiko aitortza publikoa egin nahi du. Baita, bakearen bermerik onena delakoan, herriko kultura anitzen arteko elkarrizketa ahalbidetu ere, azken urteotan irekitako bide emankorrean sakonduz.

Bizi dugun testuinguru konplexuan komunitate sena indartzea da herri gisa aurrera egiteko dugun bermerik handiena. Zentzu horretan, gure herrian bizi diren jatorri anitzetako herrikideen auto-antolakuntza ahalegina aitortu nahi du Udalak maiatzaren 21 honetan, erraza ez izanagatik ere, asko direlako azken urteotan haien artean elkartu eta elkarteak sortzeko apustua egin duten komunitateak, haien jatorriko kulturaren ernamuinetik Errenteriari ekarpena eginaz.

Errenteriako Udalarentzat altxorra da gero eta elkartegintza zabal eta anitzagoa izatea herrian; batetik, jatorri anitzeko komunitateekin modu antolatuan harremana eraikitzea ahalbidetzen duelako horrek; bestetik, elkarte bakoitza badelako gure herria den komunitate anitzari arnasa eta auspoa eskaintzen dion eragilea.

2023ko maiatzaren 21 honetan, beraz, komunitate sena indartzeko apustua egiten duten herritar horiek aitortu nahi ditu Errenteriako Udalak, jatorrizko herriari zein egun bizileku duten Errenteriari ekarpena egitea lehenetsi duten horiek guztiak.

Hori horrela, Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du:

  • Bizikidetza linguistiko eta kulturalaren bidean herriko eragile ezberdinekin lanketa bateratuak garatzeko, nagusiki Elkarbizitzarako eta Gizarte Ekintzarako Udal Kontseilua baliatuz horretarako.
  • Errenteriako herritar oro eskubide eta aukera guztien jabe izan dadin lanean jarraitzeko, herritarraren jatorria edo kultura edozein izanik ere, herrikide hauei herritartasun osoa aitortua izan dakien.
  • Kultura ezberdinen arteko topaguneak sortzen jarraitzeko, kulturen artean sinergiak sorraraziz eta ekimen bateratuak sustatuz. Horretarako espazio esanguratsu izango dira Lekuona Fabrika edota Emakumeen Etxea.
  • Hezkuntzaren esparruan herriko gazteenekin lanketak egiten jarraitzeko, Errenteria kultur aniztasunarekiko errespetuan hezteko ahaleginean.
  • Errenteriako hizkuntzen aniztasuna balorean jartzen jarraitzeko, hizkuntza oro aitortuz eta ezberdinen arteko topaguneak sortuz, hizkuntzen mapa abiapuntutzat hartuaz eta BADALAB hizkuntza berrikuntzarako laborategiarekin elkarlanean jardunaz.
  • Gure herriko aniztasun kultural eta linguistikoa bistaratzeko ekimenak burutzen jarraitzeko, egun honen harira osatutako programazio zabalaren gisako ekimenak antolatzen jarraituz.