Urmuga Jaialdiak eta Kilometroak ikastolen jaiak mendiaz eta musikaz gozatzeko egun osoko ekimena antolatu dute

• Ekimena uztailaren 19an izango da, eta “Gure Añabitarte” Orereta Ikastolaren komunitatea omentzea izango du helburu

• Goizean mendi ibilaldi musikatuak egongo dira. Arratsaldean, errioan gora San Pedrotik etorriko den patatxan, eta musika emanaldia Lekuona Fabrikaren parean. 19:00etan Urmuga kontzertu erraldoia Orereta Ikastolaren Añabitarte baserrian. Eta iluntzean, erromeria

• Kontzertu handirako sarrerak salgai daude dagoeneko

Urmuga Festibalak, mendia eta musika uztartzen dituen jaialdiak, eta Kilometroak Ikastolen festak uztailaren 19rako egun osoko egitaraua antolatu dute, hainbat eragilerekin elkarlanean: Urdaburu eta Girizia mendi taldeak, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Hibaika Arraun Elkartea eta Añabitarte Baserriko lantaldea, Orereta Ikastolaren baitako taldea. Egitasmoak, gainera, Orereta Ikastolak eta Ziburu, Hendaia, Urruña eta Biriatuko Ikastolekin batera abian duen ‘Zubiak Eraikiz’ ekimena izango du abiapuntu.

Goizean, mendi ibilaldi musikatuak

“Zubiak Eraikiz” ekimenak eta Urdaburu mendi taldeak antolatuta, Girizia mendi taldearen laguntzaz, bi mendi ibilaldi irtengo dira goizeko 09:00etan: bata, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago Zubitik; bestea, Lesakako Endarlatsa auzotik. Oiartzungo Gurutze auzora iritsiko dira eguerdirako, eta bertako Beloaga gazteluan musika emanaldi berezi batez gozatu ahal izango dute 14:00etan. Hala nahi dutenentzat, antolakuntzak doako autobusak ezarriko ditu joan-etorriak egiteko. Mendi ibilaldietan izena emateko: www.kilometroak.eus/ekimenak/urmuga-kilometroak-2023

Arratsaldean, patatxa, errioa eta musika

Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatuta, patatxa ontzia San Pedrotik irtengo da Albaolako bertako eta Hibaika Arraun Elkarteko kideek eramanda. Lekuona Fabrikaraino iritsiko dira, eta 17:00etan errio gaineko kontzertua eskainiko dute Kilometroak ikastolen festaren omenez. Patatxatik bertatik egingo dute hori Harien Zurdak taldeko kideek, Arkaitz Miner musikariak eta bere taldekideek. Kontzertua doakoa eta irekia izango da. Ekitaldia amaitutakoan, 18:00etan doako autobusak irtengo dira Añabitarterantz.

Musika emanaldi erraldoia eta erromeria

Arratsaldeko 19:00etan izango da kontzertu erraldoia Añabitarte baserriaren kanpoaldean. Bertan arituko dira bi orduz Urmugan Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen ari diren goi mailako musikariak. Alaitz eta Maider, Alex Sardui, Olaia Intziarte, Arkaitz Miner, Aire Ahizpak, Xutik taldea eta denak josten dituen Et Incarnatus Orkestra. Hitzordura ez du hutsik egingo Janus Lesterrek, Kilometroak 23 kantaren egileak.

Sarrerak salgai daude dagoeneko eskualdeko puntu hauetan: Errenteriako Erriola dendan eta Xenpelar Kultur Dendan, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian eta Urrats Paper Dendan, Lezoko estankoan, Pasai Antxoko Ibaiondo tabernan eta Pasai Donibaneko Patxiku tabernan. Online ekainaren 15etik aurrera erosi ahal izango dira Urmuga Festibalaren, Kilometroak-en eta Orereta Ikastolaren webguneetan. 20 eurotan helduentzat (16 urtetik gora), 5 eurotan DBH eta LHko gazteentzat eta dohainik izango dira adin horretatik beherako haurrentzat.

Kontzertua amaitutakoan, erromeria egingo dute Baserriaren pareko zelaian. Bertan afaltzeko aukera izango da, Eusko Label eta Euskal Sagardoak produktuekin, eta dantza eta festa giroa nagusituko dira.

Kontzertura igo eta jaisteko doako autobus zerbitzua eskainiko da 18:00etatik 19:00etara Joxe Migel Barandiaran kaletik (Errioxa birilgunea) Añabitartera igotzeko, eta 21:00etatik gaueko 24:00etara handik jaisteko.

Añabitarte baserriari omenaldia

Ekimen honekin Orereta Ikastolaren Añabitarte baserria omenduko dute.
Arduradunek azaldu dutenez, Añabitarte baserriaren inguruan biltzen da gaur egun Orereta Ikastolaren komunitatea eta, hain zuzen, horiek izango dira ekitaldian omenduak.