Zabalik da Madalenetako laguntzaileak hautatzeko deialdian izena emateko epea

Aurreko urteetan bezala, Errenteriako Udalak Madalenetako laguntzaileak kontratatzeko prozesua abian jarri du eta izena emateko epea zabalik dago.

Deialdi honen xedea da festetako laguntzaileak hautatzea, 2023ko Madalenetan, uztailaren 21etik 25era lana egiteko. Zerrenda hau Atlantikaldiarako ere erabiliko da.

Baldintzak:

• 18 urte beteak edukitzea kontratuaren hasierako datan.

• Langabezian egotea kontratuaren hasierako datan.

• Eskola ziurtagiria edota maila altuagoko titulazio akademiko baten jabe izatea.

• Euskaraz elkarrizketa bat izateko gauza izatea. Eskakizun hau betetzeko xedez, hautatuak suertatzen diren pertsonak deituak izango dira udal Euskaltegian elkarrizketa bat edukitzeko. Aurrekoa hala izanik ere, ez dute azterketarik egin beharko 2. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatua duten pertsonek eta 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017 2018, 2019 edo 2022ko deialdian, helburu bererako eginiko euskara-froga gainditu zutenek.

• Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun funtzionala izatea

• Diziplinazko espedientea dela medio, Estatuko, Autonomi Elkarteko nahiz udal erakundeen menpeko lanetik banandua ez izana, ezta ere herri eginkizunetan aritzeko.

• Indarrean dagoen araudiaren arabera legezko ezgaitasun edo bateraezintasun kasuren baten ez egotea, beti ere legeak ematen duen aukeratzeko eskubidea alde batera utzita.

Hautaketa irizpideak:

• Lehentasuna izango dute Errenterian gutxienez 3 hilabete erroldatuta daramatenek, horretarako eskaerak aurkezteko ezarritako epearen azken eguna hartuko da erreferentziatzat.

• Zozketa ekainaren 23an egingo da, emaitza udal web orrian, eta iragarki oholtzan argitaratuko delarik.

• Hautatutakoek ez badute euskara-maila egiaztatuta, hizkuntza-probak egin beharko dituzte, horretarako deituak izango direlarik (ekainaren 30ean egitea aurreikusita dago).

Eskabideak aurkezteko epea:

Eskabideak ZU! Arreta zerbitzuan aurkeztu beharko dira, NAN-aren, titulu akademikoaren eta euskarako tituluaren fotokopiekin batera (azken hau, duenak). Epea: 2023ko ekainaren 1etik 15era (biak barne).

Zozketan hautatuak izan diren pertsonei eta lehenengo 10 ordezkoei e-mail bat bidaliko zaie beharrezko informazio guztiarekin. Hautagaiak berak kontsultatu beharko du bere e-maila zozketaren egunean bertan eta hurrengo egunean.

Ezinbestekoa da hautagaiak eskaera orrian bertan bere e-maila garbi adieraztea.

Kontratatzen diren pertsonek Reina aretoan (Xenpelar kalea, 3) uztailaren 19an, goizeko 9:00tan egingo den aurretiazko bilerara joan beharko dute. Bertan, egin beharreko lanari buruzko argibideak emango zaizkie.