Herri Arte Eskolako ikasleek ikasturte amaierako ekitaldiak eskainiko dituzte datozen egunotan

• Herri Arte Eskolako ikasleek ikasturte amaierako ekitaldiak eskainiko dituzte, ekainaren 16tik 22ra bitartean, Niessen kulturgunean, Lekuona Fabrikan eta Herri Arte Eskolan. Gonbidapenak eskolako arreta-bulegoan daude eskuragai

• Dantza, musika, antzerkia, arte plastiko-ikusizkoak eta hitzako ikasleen lana ikusi ahal izango da

Herri Arte Eskolako ikasturtea heldu da azken txanpara, eta, horrekin batera, ikasturte amaierako emanaldiak izango dira datozen egunetan. Hain zuzen ere, ekainaren 16tik 22ra bitartean, Herri Arte Eskolako ikasleek herriko hainbat txokotan plazaratuko dituzte antzerkia, dantza, musika eta hitza. Gainera, egun horietan guztietan, arte plastiko-ikusizkoen erakusketa ikusgai izango da Herri Arte Eskolako eraikinean.

Zortzi egunez, makina bat kontzertu eta ekitaldi izango dira. Herri Arte Eskolak eskaintzen dituen bost diziplinatako emanaldiez gozatu ahal izango da Niessen Kulturgunean, Lekuona Fabrikan eta Herri Arte Eskolan. Bertaratu nahi dutenen guztientzat, gonbidapenak eskuragai daude eskolako arreta bulegoan.

Kamara taldeek, perkusio taldeak eta jazz konboak irekiko dute egitaraua ostiralean, eta ipuin musikatuekin emango da bukatutzat hilaren 22an.

Nabarmentzekoa da emanaldi berezia izango dela azken hori, izan ere, aurkezpen berean elkarrekin ikusi ahal izango dira narratzaileak, antzezleak, musikariak eta abeslariak.

Emanaldien hitzorduak

Hauek dira zehaztutako hitzorduak:

EKAINAK 16, ostirala

• Kamara taldeak eta perkusio taldea: 18:00etan, Herri Arte Eskolako 111 entsegu-gelan

• Jazz konboa: 19:00etan, Herri Arte Eskolako 111 entsegu-gelan

EKAINAK 17, larunbata

• Antzerkia (haurrak eta gazteak): 9:45ean, Niessen kulturguneko auditorioan

• Dantza urbanoak eta garaikidea: 12:30ean, Niessen kulturguneko auditorioan

• ‘Singin´ in the rain’ musikala: 16:30ean, Niessen kulturguneko auditorioan

• Euskal dantza: 19:00etan, Niessen kulturguneko auditorioan

EKAINAK 18, igandea

• Balleta: 12:00etan, Niessen kulturguneko auditorioan

EKAINAK 19, astelehena

• Sokak: 18:00etan eta 19:00etan, Niessen kulturguneko entsegu gelan

• Harmonia + konposizio ikasleak: 18:00etan, Herri Arte Eskolako 111 entsegu-gelanEKAINAK 20, asteartea

• Haizeak + perkusioa: 18:00etan, Herri Arte Eskolako 111 entsegu-gelan

• Trikitilariak: 19:30ean, Herri Arte Eskolako 111 entsegu-gelan

EKAINAK 21, asteazkena

• Pianoak: 18:00etan eta 19:00etan, Herri Arte Eskolako 111 entsegu-gelan

• Ikasleen banda, orkestra + abesbatza, Herri Musika Taldea (euskal instrumentu tradizionalak) + dantza: 19:00etan, Lekuona Fabrikan

EKAINAK 22, osteguna

• Ipuin musikatuak: 18:30ean, Lekuona Fabrikan

Matrikula zabalik, berrikuntza ugarirekin

Herri Arte Eskolan izena eman nahi dutenentzat zabalik jarraitzen du datorren ikasturterako matrikula epeak, eta informazio guztia eskuragai dago https://musikal.errenteria.eus/ webgunean. Are gehiago, irailetik aurrera, 5 arte diziplinetan aritzeko aukeraz gain, hainbat berrikuntza interesgarri txertatuko dira eskolako plangintzan.

Batetik, Arte Plastiko-Ikusizkoetan honako ikasgaiak gehituko dira: 8-12 urte artekoentzat, ‘Sormen proiektuak I eta II’; 12-14 urte bitartekoentzat, ‘Marrazketa-Komikia-Animazioa’ eta ‘Argazki eta Soinu Laborategia’; 15-17 urtekoentzat, ‘Ilustrazio esperimentala-Autoedizioa-Fanzinea’ eta ‘Bideoartea eta Soinu-instalazioak’; eta 12-17 adin-tarterako, ‘Pintura-Teknika Mistoak-Muralgintza’.

Bestetik, musikaren alorrean, ‘Euskal aerofonoak (alboka-txistu-dultzaina3x1)!’ ikasgaian, saio berean eta talde txikietan instrumentu horiek ikasten hasteko aukera egongo da 8 urtetik aurrera (helduak barne). Gainera, 12-18 urte bitartekoek ‘Musikal’ batean parte hartzeko parada izango dute ahotsa, gorputz adierazpena, irudimena eta eszenaratzea landuz, eta, lehen aldiz, jazzak eta inprobisazioak ere hezkuntza proiektuan kabida izan dezaten, ‘Big-band’ bat eratu nahi da.

Bere aldetik, antzerkian, berrikuntza izango da ‘Hastapen’ eta ‘Laborategia’ taldeak sortuko direla helduentzat, sormenean, talde elkarrekintzan, ahots zein gorputzarekin ahaldundu daitezen.

Halaber, Hitzaren ildoan, hitzarekin irudimenez jolasten hasteko aitzindari gisa, honako hauexek eskainiko ditu Herri Arte Eskolak: 8-12 urte bitartekoentzat, ‘Liburuen mundua I eta II’; 12 eta 17 bitartekoentzat, ‘Idazketa sortzailea I eta II’; 18 urtetik gorakoentzat, ‘Sormena eta Hitza’.

Hori guztia gutxi balitz, 18 urtetik gorako herritar ororentzat arte diziplinetako bakoitzean ‘Ikusle Eskola’-ren aldeko apustu estrategikoa egin da. Ikasgai horrekin, xedea da arteaz «hobe eta gehiago gozatzeko gakoak erakustea». Horretarako, bi irteera egingo dira hiruhilero, eta, saio horietan erreparatuko dira, besteak beste, ikuskizunaren generoa, artistak/konpainia/taldea, antzokia/aretoa, egileak, obrak, eta abar.