Etorkizuneko Añarbeko Erreserba Eremuko perretxiko eta onddoen florari buruzko ikerketa berria egin du Udalak

Maiatzean hasi ziren baso babestu honetako perretxiko eta onddoen florari buruzko ikerketa zientifiko berria burutzen. Lehenago ere, 2000ko hamarkadaren hasieran eta 2022an ikertutako oinarrizko bildumari jarraipena emanez, bertako perretxiko eta onddo espezieak aztertuz.

Horrela, aurreko inbentarioak eta egungo lana kontuan hartuta, Añarbek gaur egun 368 onddo espezie dituela adieraz daiteke, horietako 114 2022an buruturiko ikerketaren baitan aurkitu direlarik. Horrela, bertako 9 espezie mehatxatuak eta 4 exotiko aurkitu dira orain arte.

Datu horiek garrantzitsuak dira, proiektuaren lehen fasean Añarben orain arte ezagutzen zen mikobiotaren %31 inguru handitu baita. Dena den, datu horiek bioaniztasun fungiko errealetik urruti daudela esan dezakegu. Era berean, ikusi da Añarbe ingurua, bere kudeaketa bereziagatik, interes handiko eremua dela onddo espezie kritikoen eta mehatxatuen zerrenda gorrietan dauden espezie batzuk kontserbatzeko.

“Onddo” hitzarekin organismo ugari izendatzen dira (80.000 espezie ezagun inguru, nahiz eta milioi bat baino gehiago izan daitezkeela uste den). Gehienak mikroskopikoak dira, eta une eta baldintza jakin batzuetan egitura ikusgarriak eta forma zehatzekoak (gorputz emankorrak edo perretxikoak) sortzeko gai dira. Mota honetako onddoei makromizetoak esaten zaie.

Udalak finantzatutako proiektu berri honen helburua da Errenteriako Añarbeko baso inguruko onddo makromizetoen inbentarioa egitea, bertan dagoen ezagutza zientifikoaren hutsunea betez:

  • Bioaniztasun fungikoari dagokionez, interes handiena duten eremuak ezaugarritzea, haien babesa handituz.
  • Espezieen kontserbazioaren ikuspegitik interesgarriak diren espezie fungikoak aztertzea eta baloratzea, exotiko inbaditzaileak identifikatuz. Horrela, ondoren, Europako espezie mehatxatuen zerrenda gorrietan (IUCN) egon daitezkeen espezieen jarraipena egiteko proposamena egin ahal izango da.

Ikerketa honetan, iNaturlist plataforma ere erabili da. Horretarako, Añarbe-Fungi on-lineko proiektua sortu delarik, Errenteriako Añarbeko etorkizuneko baso-erreserba mugarrituz. Aplikazio hau edozein eremutan erabili daiteke eta bizidun desberdinen behaketak egiteko balio duen tresna digitala da eta mundu osoan erabiltzen da bioaniztasun datuak lortzeko. Edozein pertsona edo herritarrek erabili dezake eta lan taldeak egiten dituen behaketak prozesatzeko oso baliagarria da. Honetaz aparte, atera diren datu guztiak GBIF (Global Biodiversity Information Facility) mundu mailako bioaniztasun-datu basera pasatzen ari da Aranzadi Elkartea, komunitate zientifikoaren eskura jartzeko.

Azkenik, Añarbe HOMeko (Herri Onurako Mendia) baso- eta ibai-habitaten kontserbazio ekologikoaren egoera ez da batere egokia, nahiz eta duela hamarkada batzuk erreserba gisa proposatutako eremuan baso naturalen mozketa eten zen. Egoera honek, etorkizuneko erreserbako baso-unaden heldutasun-egoera (osaera, egitura eta funtzioak) lortzeko ekimenak barneratzea ahalbidetzen du.