Aurten ere Errenteriak ASTEKLIMA sentsibilizazio-kanpainarekin bat egingo du.
2023ko irailaren 22tik urriaren 1era Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen (ASTEKLIMA) laugarren edizioa ospatuko da Euskadi mailan. Ekimen honen helburua herritarrak klima-aldaketaren eta beharrezko trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea da. Errenteriako Udalak bat egingo du berriz ere sentsibilizazio-kanpaina honekin eta jarduera ugari antolatu ditu:
IRAILAK 25: 17:30. “Lurrari bira egitea ahaztu zitzaionekoa” ipuin kontalaria. Lekuona Fabrika. 1. Solairuko plaza berdea.
Klima-aldaketak eragiten dituen arazoen inguruko emanaldia. 3 urtetik 9 urtera bitarteko haurrei zuzenduta dago eta 45 minutu iraungo ditu. Emanaldia euskaraz izango da.
Laburpena: “Lurrari bira egitea ahaztu zaio: horregatik planeta erdia egunez bizi da erabat, eta beste erdia gauez, egoera honek arazo oso larriak sortzen dituelarik. Irtenbidea aurkitzeko gai izango al gara?”.
Sarrerak hartzeko webgunea: https://sarrerak.errenteria.eus/inicio
IRAILAK 26: 17:00-19:30. Haurrei zuzendutako jolasak. Koldo Mitxelena Biteri ikastetxeko aterpea.
- Garapen Jasangarriko Helburuak energiaren kudeaketaren eta klimaren babesaren ikuspuntutik lantzeko antzararen jolasa egingo da. 7 urtetik 12 urtera bitarteko haurrei zuzendutako ekintza da eta iraupena ordu betekoa da. Antzararen jolasa du oinarri, baina parte-hartzaileek, taldetan banatuta, dadoa bota ondoren aurrera egin ahal izateko, dinamizatzaileek planteatutako galderei modu egokian eta aldez aurretik taldekideekin adostuz erantzun beharko diete.
- “Ipar Poloa salbatzera goaz!” izeneko joko kooperatiboa 6 urtetik 10 urtera bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da eta iraupena ordu betekoa da. Parte-hartzaileak 4 taldetan antolatuko dira eta talde bakoitzak klima-aldaketaren ondorioz galzorian dauden Ipar poloko animalia bat ordezkatuko dute. Biziraun nahi badute, klimaren aldaketaren inguruko ezagutza handitu beharko dute eta elkarri lagundu beharko diote.
Aldez aurretik izena-emateko epemuga (irailak 22) ezarri da (izena emateko moduak: telefonoz 943 903 402 zenbakira deituz edo judith@izadi21.eus helbidera idatziz).
IRAILAK 27: 18:30-20:00. Energia komunitateak eta autokontsumo kolektiboari buruzko hitzaldia, Ekiherriren eskutik. Reina aretoa.
Energia komunitateak zer diren, araudia, helburuak, eta abar azalduko dira, baita autokontsumo kolektiboaren legedi eta ezaugarriak ere. Errenteriako Ekiherri energia komunitatearen jardunaren azalpenak ere emango dira.
IRAILAK 28 ETA 29: 10:00-13:30. “Klima-aldaketari aurre!” erakusketa. Udaletxeko arkupeak.
Klima-aldaketaren nondik norakoak herritarrei era errazean helarazteko erakusketa da, 18 muraletan zehar eragileak, eraginak eta irtenbideak jasotzen dituena.
Erakusketaren edukia azaltzeko asmoz, herritarren sektore zehatzei (elkarteak, ikastetxeak, etab.) ibilbide gidatua antolatzeko aukera emango zaie, eta horretarako, aldez aurretik izena-emateko epemuga (irailak 22) ezarri da (izena emateko moduak: telefonoz 943 903 402 zenbakira deituz edo judith@izadi21.eus helbidera idatziz). Izena-ematen ez duten banakako herritarrek ere erakusketara hurbiltzeko aukera izango dute.
IRAILAK 30: 18:00-18:55. “Niararen bidaia” antzerki-emanaldia. Niessen auditorioa.
Klima-aldaketaren gaia jorratzen duen, eta antzerkia, txotxongiloak eta itzal-antzerkia uztatzen dituen ikuskizuna. 3 urtetik 12 urtera bitarteko haurrei zuzenduta dago eta ordubeteko iraupena izango du. Emanaldia euskaraz izango da.
Laburpena: “Niara Amazonas oihanean bizi den bederatzi urteko neskato indigena bat da eta oso modu berezia dauka Naturarekin harremanetan jartzeko. Gertakari tragiko baten ondorioz itsasorantz egingo du bidaia. Niararen bidaiak gizakiak Naturarekin harremantzeko duen moduaz, bai eta Ingurune Naturalarekiko jasangarritasuna nahiz oreka eskuratzearen urgentziaz hausnartzera gonbidatzen gaitu”.
Sarrerak hartzeko webgunea: https://sarrerak.errenteria.eus/inicio