Juneren Hegoak elkarteak bere urteroko festa handia ospatuko du larunbatean

Larunbat honetan, urriaren 21a, Juneren Hegoak Eguna ospatuko dute Errenterian. Aurten, gainera, hamargarren urteurrena ospatzen ari da elkartea.

Egun handirako familia osoarentzako moduko egitarau zabala antolatu dute. Jarduera guztiak Gernika Plazan izango dira, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ‘Urteak bete, abenturak bizi!’ ikuskizuna izan ezik. Emanaldi horretarako sarrerak salgai jarri ziren egunean bertan agortu ziren.

Goizean, 11:00etatik 14:00etara, elkarteko boluntarioek dinamizatutako puzgarriak, aurpegiak margotzea eta eskulan tailerrak egongo dira txikienentzako; Kromosoma Tailerra-ren joko erraldoiak ere egongo dira; eta Pocoyo pertsonaia izango da txikiekin eta argazkiak ateratzeko aukera emango zaie. 12:00etan, Elipsis dantza taldeak haur-pertsonaien ikuskizuna eskainiko du; eta 13:00etan 501st Legion eta The Pink Force Gernika plazan egongo dira, iaz bezala, StarWars sagaren zaleen gozamenerako eta beraiekin argazkiak atera nahi dituen ororentzat eskuragarri.

Arratsaldean, 18:00etan, Euphoria elkarteak antolatutako diskofesta eta karaokea izango dira, eta 20:00etan eguna amaitutzat emango dute elkarteko ordezkariek. Ekitaldiaren aurkezle eta animatzailea Luisma Laboa izango da.

Era berean, produktu solidarioen postuak egongo dira, eta horietan Juneren Hegoak elkartearen 2024ko egutegia ere eskuratu ahal izango da. Bildutako diru guztia elkarteak lan egiten duen familiei laguntzeko izango da.

Gaur eguerdian egin duten programaren aurkezpenean parte hartu dute Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Alazne Mendikute Juneren Hegoak elkarteko kideak, eta ekitaldiko kolaboratzaileek, hala nola, Luisma Laboak; Alberto Monroyk, Kromosoma Tailerretik; The Pink Force taldeko Andoni Serranok; eta Elipsis taldeko Alba Recuerdak. Bertan, larunbateko jaiaren xehetasunen berri emateaz gain, herriaren elkartasuna azpimarratu dute eta Juneren Hegoak Egunean parte hartzeko gonbitea egin dute.