1.160.382 euro Beraunen etxebizitza-eraikinak birgaitzeko

Joan den irailean, Errenteriako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Beraun auzoaren hiri-berroneratze integraleko planaren barruan, etxebizitza-eraikinak birgaitzeko dirulaguntzen lerro bat jarri zuen abian.

Aurkeztutako 6 proposamenak

dirulaguntzaren oinarrietan ezarritako irizpideen arabera baloratu dira, eta, behin-behinekoz, bi aukeratu dira proiektuen heldutasun-mailarengatik eta eraikin horietan esku hartzeko beharrarengatik. eta gainerako proposamenak itxaron-zerrenda batean geratuko dira, balizko aurrekontu-handitze kasurako. Guztira, 1.160.382 euro jasoko dituzte laguntzetan.

Gainera, kudeaketa-batzorde bat formalizatu da, esku-hartzeen kontrolaz eta jarraipenaz arduratuko dena. Batzorde hori osatzen dute Eusko Jaurlaritzako eta Errenteriako Udaleko arduradun teknikoek eta dirulaguntzen programan parte hartzeko hautatutako erkidegoetako ordezkariek.

Next Generation funtsek sortutako hutsunea ordezten duen laguntza
Abian jarri den dirulaguntza lerroaren hasierako ideia zen laguntzak Next Generation funtsekin osatzea, eraikinen birgaitzea 100 etxebizitzatara irits zedin.

Gainera, birgaitzearen eta energia-eraginkortasunaren arloko helburu handiagoak planteatu ziren, eta auzoko familia ahulenak bereziki kontuan hartzea.

Haatik, eraikinak birgaitzeko Next Generation funtsak amaitu direnez, birgaitzeko helburuak jaitsi egin behar izan dira oraingoz.

Beraunerako proiektu estrategikoa

Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari aurkeztu zion 3,2 milioi euroko proposamenaren barruan sartzen dira eraikinak birgaitzeko dirulaguntzak, 2022-2025 aldian Beraun auzoan hiri-berroneratze integrala bultzatzeko. Proiektu hori 2023ko martxoan aurkeztu zitzaion auzoari, informazio-bilera batean. Bertan, aurkeztutako berrurbanizazio-proiektuak azaldu ziren, baita eraikinen mailako birgaitze-proiektuak aurkezteko aukera ere.Aldi berean, hurbiltasuneko bulego bat jarri zen martxan, eta auzoko 60 jabeen erkidego ingururi eman zaie arreta, birgaitze-proiektuak bultzatzeko eta laguntzekin lotutako gaiak argitzeko.

Laneratzea bultzatzea

Beraun Planak jasotzen duen beste ildo bat da enplegu-plan bat bultzatzea, kolektibo kalteberak laneratzen lagunduko duena, auzoa mantentzeko eta berroneratzeko lanak eginez.

Enplegu Plan honen bidez 10 pertsona kontratatu dira 12 hilabetez. Kontratuaren lehen bi hilabeteetan prestakuntza jasotzea aurreikusten da, abendutik aurrera Beraunen mantentze- eta berroneratze-lanei ekiteko.