Udaberrirako Pontikako aparkalekua erabilgarri egongo da

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Eneko Del Amo Hirigintza zinegotziak eta udaleko zein enpresa eraikitzaileko zenbait ordezkarik bisita egin dute Pontikan eraikitzen ari den aparkaleku-eraikin berrira. Urte bat eta hiru hilabete bete dira obrak hasi zirenetik eta eraikitze lanak abiadura onean doazela adierazi dute.

Horrela udaberri hasierarako aparkalekuak herritarrentzako erabilgarri egongo direla espero dute.

Hiru solairuko eraikin berriak, 183 aparkaleku berri ekarriko ditu auzora. Aparkalekuak erabilera ezberdinak aurreikusten ditu eta TAO sistemaz gain, alokairuzko eta esleipenezko aparkalekuak ere egongo dira eraikinean.

Funtzionamenduaren inguruko xehetasun guztiak definitutakoan herritarrei jakinaraziko zaizkiela adierazi dute udal ordezkariek.

Eraikuntza modua bera berezia da, behin egitura nagusiak eginda solairuak aurrez fabrikatutako piezekin eraikitzen ari direlako, horrela, eraikina desmuntagarria eta berrerabilgarria izango delarik. Proiektuaren aurrekontua 3.248.422,12 eurokoa da.

Barandiaran Parkea, gero eta gertuago

Proiektu hau ezinbesteko urratsa da Berandiaran Parkea eraikitzeko bidean gaur egungo orubea ibilgailuz libre uzteko.

Azken urte honetan, etorkizuneko Barandiaran parkea definitzeko prozesu bat egin da. Halaber, lurzoruaren kalitatearen azterketa osatzeko eta gaur egungo egoera ezagutzeko beharrezko zundaketak egin dira, baita garbiketa lanak hasi ere.